Hilabete gozoa izan da joan dena, Hernaniko Igeriketa Taldearentzat

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 30a

Iker Irazu Urkola, Ibizan.

Emaitza politak lortu dituzte Iker Irazuk, Uxue Santxok, Jurdan Zalduak eta Eñaut Zabalegik.

 

Agenda lehiaketaz lepo izan dute Hernaniko Igeriketa Taldeko kideek, azkeneko asteotan; eta hilabete gozoa izan da joan dena, emaitza politak eskuratuta, proba ezberdinetan.

Batetik, apirilaren bukaeran jokatu zen Espainiako Ur Irekien Master Txapelketa, Ibizako Santa Eulália des Riu herrian; eta bertan aritu zen Iker Irazu Urkola. 1.500 metroko proban hartu zuen parte, eta 21garren sailkatu zen, 24:37.5 denborarekin.

Maiatzaren hasieran, berriz, Frantziako Tarbes hirian izan zen Uxue Santxo Guerrero, Gipuzkoako Federazioaren taldearekin, Nautiques lehiaketaren 33garren edizioan parte hartzen. Hiru probatan aritu zen hernaniarra, eta hiruretan lortu zuen garaipena: 50 metroko bular proban (34.81) eta 100 metroko bular proban (1:17.07), bakarka; eta baita errelebo proban ere.

Eta maiatzaren erdialdean, etxetik gertuago aritu ziren igerilari hernaniarrak, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan: Gipuzkoako Udaberri Saria jokatu zen bertan, maila absolutuan. Klubeko bost igerilari aritu ziren bertan: Axel Etxebeste Garayar, Lur Elkoro Txintxurreta, Eñaut Zabalegi Altuna, Jurdan Zaldua Abad, eta Uxue Santxo bera.

Santxok bigarren postua lortu zuen 50 metroko (35.06) eta 100 metroko (1:18.96) bular probetan. Zaldua hirugarren sailkatu zen 200 metro libreetan (2:03.86), eta laugarren 100 metro libreetan (56.17) zein 200 metro estiloetan (2:23.12). Eta Zabalegik ere emaitza nabarmenak lortu zituen hiru bular probatan: bosgarren izan zen 100 metrokoan (1:17.40), zazpigarren 200 metrokoan (3:01.11), eta bederatzigarren 50 metrokoan (35.49). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!