Urtero bezala, ikuskizun berezia izango da Chillida Leku museoan, San Joan jaien aurretik: Udako Solstizioa ospatuko dute ekainaren 20an, 'Itzalak trostan eta galopan' ikuskizunarekin. Iluntzeko 20:30etan hasiko da dantza ikuskizuna, eta Ines Aubert, Myriam Pérez Cazabon, Tartar Kolektiboa eta DJ Bihotza ariko dira, Dantzaz konpainiak zuzendutako ikuskizunean.
Sarrerak dagoeneko salgai daude museoaren webgunean (museochillidaleku.com), 25 euroan. Baina hernaniarrek aukera izango dute sarrerak erdi prezioan eskuratzeko, Biterin: astelehenean jarriko dituzte 100 sarrera salgai kultur etxean, 12,5 euroan.
Arratsaldeko 19:30etan zabalduko dituzte museoko ateak, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago. Gainera, egunean bertan, dantza tailer bat ere eskainiko dute Chillida Lekun, goizeko 10:30etatik 13:00etara. Ekainaren 6an eta 13an ere egingo dute, ordutegi berean. Guztietarako, aldez aurretik eman behar da izena, inesaubert@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Urtero bezala, modu berezian egingo dio ongietorria museoak udari, eta egitarau berezia prestatu du hurrengo hilabeteetarako ere. Horrela, esaterako, abuztuaren 12an doakoa izango da museorako sarrera, erabateko eguzki eklipseaz gozatzeko, 2053ra arte berriro gertatuko ez den fenomenoa.
Hori baino lehen, uztailean zehar, hainbat tailer izango dira Chillida Lekun; eta abuztuaren 6tik 8ra antolatu dituzte aurtengo zine gauak aire librean. Informazio guztia eskuragarri dago museoaren webgunean.