Dunixe Berlanasek CD Hernaniko lehendakari izateari utziko dio, komunikatu ofizial batean adierazi duen bezala. Denboraldi amaieran amaituko ditu bere lanak lehendakari gisa. Nahi baino lehenago publikatu du erabakia komunikabide batek, oraindik lehendakaria den Berlanasen baimenik izan gabe, eta «egoera klub barruan lantzen hasi aurretik».
Egoera horren aurrean, egia azaldu nahi izan du Dunixe Berlanasek, eta erabakiaren atzean dagoen arrazoia adierazi. Gauza da ezin izango diola behar duen denbora eskaini lehendakaritzari, bere ikasketak direla eta. Adierazi duenez, egoera mahaigaineratu zuen asteartean klubean, eta datorren denboraldi hasiera kudeatzen hasi dira jada.
Min eman dion egoera dela ere esan du Berlanasek: «Ez delako erabaki erraza izan. Ilusio handiz egiten ari naizen lana da eta ikasketei eman nahi diedan denbora dela eta, biak bateratzeko zailtasunengatik hartu dut erabakia».
Publiko egiteak «ez dit aukerik utzi klubean behar bezala komunikatzeko eta prozesua nahi genuen moduan egiteko, ez neri pertsonalki eta ez klubari». Aldaketa fase hau ahalik eta azkarren eta ondoen egiten saiatuko direla azaldu du lehendakariak, «egoerak eskatzen duen tenpoetan». Eskerrak eman ditu eta barkamena eskatu die berria berak nahi bezala jaso ez dutenei. Eta komunikatua amaitzeko, adierazi du guztia behar bezala kudeatzean, aldaketa helaraziko duela.