'Euskal Herria energia burujabetzarantz' jardunaldia antolatu du Stop Fosilak elkarteak bihar goizerako. Biterin izango da, eta lau hitzaldiz osatutako egitaraua izango du: lehendabizikoa energiaren geopolitikaren ingurukoa izango da, Instituto Meridianoren eskutik (gaztelaniaz, 10:00-10:45); bigarrengoan energia nahikotasunaren modelizazioaz ariko dira Clever agertokikoak (frantsesez, itzulpena euskerara, 10:45-11:30); hirugarrengoan euskal burujabetzarantz egiteko prozesuak eta helburuak azalduko dituzte Stop Fosilak elkarteko kideek (euskeraz, 11:45-12:15); eta laugarrengoan lurralde planifikazioaz ariko da Juan Requejo aditua (gaztelaniaz, 12:15-13:00).
Bertaratu nahi duenak, aldez aurretik eman beharko du izena, formularioa beteta honako helbidean: labur.eus/energiaburujabetzarantz. Doakoa izango da, baina nahi duenak diru ekarpena egin dezake jardunaldiak sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko, formularioan bertan adierazten diren bideetatik.
Stop Fosilak, elkarte berria
Aurtengo urtarrilaren 28an aurkeztu zuten Stop Fosilak ekimena, eta orduantxe hasi ziren jarduerak burutzen, hainbat herritan hitzaldiak eskaintzen, adibidez. Klima aldaketak munduan dituen ondorioen eta «herri bezala dugun erantzukizunaren inguruan eztabaida sustatu eta proposamenak gizarteratzeko» talde gisa definitzen dute euren burua, erregai fosilen arazoan eta trantsizio energetikoan «arreta berezia» jarriz: «Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, deskarbonizazioa lehentasun sozio-ekologiko haundienetarikoa da, eta erronka horri erantzuten laguntzeko asmoz, energia berriztagarrien aldeko jarrera sustatuko dugu Euskal Herrian», diote Stop Fosilak elkartetik.
EGITARAUA
BIHAR, MAIATZAK 30, Biterin
10:00-10:45, 'Energiaren geopolitika. Inperialismo fosiletik elkartasun berriztagarrira'. Jose Luis Rodriguezen eskutik (Instituto Meridiano), gazteleraz.
10:45-11:30, 'CLEVER agertokia. Nahikotasun berriztagarriaren modelizazioa 2050erako'. Nicolas Taillarden eskutik (CLEVER eta negaWatt ekimenetako ikerlaria), frantsesez, euskerazko itzulpenarekin.
11:30-11:45, Kafea.
11:45-12:15, 'Euskal burujabetzarantz. Trantsizio energetiko justu eta azkar baterako helburuak eta printzipioak'. Gorka Laurnagaren eta Lorea Floresen eskutik (Stop Fosilak), euskeraz.
12:15-13:00, 'Berriztagarrien hedapen justu baterako lurralde plangintza'. Juan Requejoren eskutik (lurralde plangintzan aditua), gazteleraz.