San Joan jaien aurrerapen gisa jokatuko da, beste urte batez, Azeri Bila lasterketa. Adin guzti-guztietako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera, haurren lau proba eta helduen lasterketa nagusia izango baitira, 17:10etatik aurrera. Plaza Berrin izango dute irteera eta helmuga denek, eta Astigarragara ere iritsiko da helduen proba.
2013 eta 2026 urteen artean jaiotakoek hartu dezakete parte haurren probetan, lau adin-tartetan banatuta, distantzia ezberdinekin: 2020-2026koek 50 metro (17:10), 2018-2019koek 200 metro (17:15), 2016-2017koek 500 metro (17:25), eta 2013-2015ekoek 1.200 metro (17:35).
Haiek guztiek formulario bidez eman beharko dute izena, honako helbidean: labur.eus/azeribilatxikia. Posta elektronikoz ere egin dezakete, azeribilahernani@gmail.com helbidera idatzita. Doakoa da izenematea.
Helduek rockthesport.com edo kronoak.com plataformen bitartez eman beharko dute izena, 15 euroan. 14 urtetik gorakoek hartu dezakete parte, baina adin txikikoek gurasoek sinatutako baimena erakutsi beharko dute.
18:00etan abiatuko dira, eta 10 kilometroko ibilbidea osatuko dute, laua gehien-gehienean: Akarregi poligonoan barrena aurrena, ondoren Ergobirako atzeko bidetik Astigarragara iritsi, eta Bidebitarte poligonoan buelta emanda Hernanira itzuli.
Korrikalari guztiek jasoko dute poltsa bana, kamixetarekin eta hainbat oparirekin; eta zozketak ere izango dira. Gainera, lasterketa bukatzean paella eta sagardoa ere izango dute, indarrak berritzeko. «Festa giroa ziurtatuta dago San Joanen atarian!», adierazi dute antolatzaileek.
24garren edizioa izango du lasterketak, joan den urtean berreskuratu ondoren.