Hernanin pastoral bat antolatzen hasteko bilera deitu dute gaur arratsalderako, Sandiusterrin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 28a

Gerardo Mungia idazleak egin du deialdia, eta 18:00etan bertara azaltzeko gonbitea luzatu die interesa duten herritar eta kultur eragile guztiei.

 

Hernanik bere pastorala izan dezake epe ertain-laburre­an. Horixe da, behintzat, Gerardo Mungia idazle iruindarrak herritarrei luzatu nahi dien proposamena. Horretarako, bilera bat deitu du gaur arratsalderako, 18:00etan Sandiusterrin; eta bertaratzeko gonbitea luzatu die interesa izan dezaketen Hernaniko herritar eta kultur eragile guztiei.

Herrian pastoral bat antolatzen hasteko proposamena da Gerardo Mungiak aurkeztuko duena, gaurko bileran. Hasteko, pastoral bat zer den azalduko du: antzerkia, dantza, herri poesia eta musika uztartzen dituen obra eszeniko bat, herriz herri antolatzen dena. Eta ondoren, proposamenaren nondik norakoak emango ditu aditzera.

Zuberoako tradizioa da pastorala, eta herriko plazan edota aire librean prestatutako eszenatokietan egin ohi dute. Urtero herri batek hartzen du pastorala prestatu eta antzezteko ardura, bizpahiru saiotan. Joan den urtean Barkoxen egin zuten, 'Ürrats kolektiboak' izenekoa. Zuberoan egin ohi dute pastorala gehienetan, baina beste euskal lurraldeetan ere egin izan dute.

Hain juxtu, pastoralarekin lotura zuzena dauka Gerardo Mungiak. Izan ere, 2017an Etxalarren egin zuten, 'Karmen Etxalarkoa' izenekoa; eta iruindarrak idatzi zuen hura. Urte hartako irailaren 16an eta 17an antzeztu zuten Etxalarren, eta azaroaren 5ean Elizondon. 

Beste pastoral bat ere idatzi zuen Mungiak 2022an, 'Maddi­ren trajeria' izenekoa, Saran, Zu­garramurdin eta Bergaran antzeztu zutena. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!