Maiatza ondo bukatzeko, liburu aurkezpena antolatu du Amher SOS Arrazakeria elkarteak, gaur arratsalderako: 'Tierra de la luz' liburua aurkeztuko du Lucia Asue Mbomio egileak berak. Kazetari eta idazle antiarrazista eta feminista da Mbomio. Kulturarteko Plaza Feministan izango da saioa, 18:00etan hasita.
Hilabete berezia izan da maiatzekoa, Amher elkartearentzat. Bizilagunak ekimenarekin hasi zuten, hilaren 10ean, oraingoan denak Kulturarteko Plaza Feministan elkartuta, mahaiaren bueltan. Eguraldiak aukera eman zien otordua prestatzeko eta lasai bazkaltzeko, eta bazkalostean euri zaparrada ederra baliatu zuten festarekin jarraitzeko: euritan dantzan aritu ziren!
Hurrengo astean, berriz, Migrazinemaren saioa izan zuten asteazkenez, eta Astigarragara ibilaldia egin zuten ostiralean, Sagardoetxea bisitatzeko.
Gainera, Kaixo! aldizkariaren 73garren alea ere argitaratu dute maiatzean, eta eduki interesgarriak bildu dituzte bertan. Horien artean, aditzera eman dute Arartekoak arrazoia eman diola Amherri, 2024an aurkeztutako kexa baten harira. Amherrek salatu zuen, Gambiako adin txikiko gazte batek ez zuela Hernaniko Ertzaintzaren komisaldegiaren akonpainamendua jaso, eta beraz, ez zela bete adin txikiko atzerritarren harrera protokoloa. Amherrek azaldu duenez, elkarteko langile batek eskatu zuen komisaldegiaren interbentzioa, gaztea eramateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurren eta Nerabeen Babeserako Zerbitzuaren zentrora; baina komisaldegian zalantzan jarri zuten gaztea adin txikikoa izatea, eta horri buruzko konprobazioak egin nahi izan zituzten. Izan ere, adin txikikoa zela zioen pasaportearekin batera, gazteak Tarragonako Fiskaltzaren dekretu bat zeukan, adin nagusikoa zela zioena.
Horren aurrean, Gipuzkoako Fiskaltzara jo zuen Amherrek, protokoloa bete zedin eskatzera. Fiskaltzak Polizia Nazionalera bideratu zuen, gaztearen identitatea konprobatu zedin; eta Polizia Nazionalak jakinarazi zuen Ertzaintzaren komisaldegiaren bitartez aktibatu behar zela protokoloa. Baina komisaldegiaren jarrera zein zen ikusita, Amherrek Donostiako Udaltzaingora jo zuen, eta bertatik gauzatu ahal izan zen gaztearen harrera.
Horren harira, kexa helarazi zion Amherrek Arartekoari, eta hark ebatzi du pasaporteari eman behar zaiola lehentasuna, eta beraz, protokoloa aktibatu behar zuela Ertzaintzak, gazteari akonpainamendua eskainiz.