Formakuntza antolatu du Udalak, kooperatiba eta elkarteen barne funtzionamendua indartzeko

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 27a

Bi saiotan banatuko da formakuntza; bihar izango da lehendabizikoa, eta ekainaren 4an bigarrengoa, Burujabetzen Etxean biak.

 

Bi formakuntza saio antolatu ditu Udalak, kooperatiba eta elkarteentzat. Helburua da horien barne funtzionamendua indartzeaz gain, eraginkorragoa bilakatzea, baita erronka nagusiei aurre egiteko gaitasuna areagotzea ere. Horiek lortzeko, tresna praktikoak eskaintzea izango da datozen egunotan egingo diren tailerren xedea.

Bihar bertan ekingo diote lehendabiziko saioari Burujabetzen Etxean. 09:00etan hasiko da, eta 12:00ak arte iraungo du, gutxi gorabehera. Lehenengo honetan kooperatiben diagnostikoa landuko da: egituraketan, barne prozesu eta gatazketan, eta kooperatibaren balioen arabera izan beharreko bazkide motan sakonduz. 

Eta bigarren saioa ekainaren 4an egingo dute, astebete beranduago alegia. Ordutegia berdina izango da, baita tokia ere. Hala ere, saio honetan eskainiko dira identifikatutako erronkei erantzuteko tresnak, bereziki gatazken kudeaketarako eta bazkideen rolak modu eraginkorrean lantzeko balioko dutenak. 

Horrez gain, formakuntzan zehar parte hartzaileei «bidelaguntza indibidualizatua» eskainiko zaie, bakoitzaren beharren araberakoa. Minka kooperatiba izango da saioak dinamizatzearen arduraduna, eta gaztelaniaz egingo du hori. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, tokikogarapena@hernani.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!