Ave Maria Parkean ez ezik, Europa osoan aurkitu daitekeen espezierik handiena da. Gure lurretan ugaria da, eta erraza da ura dagoen edonon aurkitu ahal izatea. Enperadore handia, hegalari aparta izateaz gain, nekaezin horietakoa dugu, eta bere erreinua zaintzen behatzea, aurrera eta atzera etengabe, esperientzia ahaztezina da.
Ezaugarriak
Esana dugu Europako espezierik handiena dela, ez baita erraza 8-10 zentimetroko beste espezieko burruntzi bat aurkitzea (Cordulegaster boltonii salbu). Toraxaren kolorazioa berdea da bi sexuetako aleetan. Arren abdomena urdina da, marrazki ilunekin. Emeak polimorfikoak dira, hau da, emeak ez dira denak kolorazio berdinekoak: badaude erabat berdeak direnak, marrazki ilunekin, eta badaude ere arraren kolorazio berekoak. Begien kolorazioa anitza da, eta emeen begietan kolorazio berdea nagusi izaten da. Hegan doanean, abdomena oker samar eramaten du eta horrek balio dezake Enperadore ilunarengandik (Anax parthenope) bereizteko. Horretaz gain, Enperadore ilunaren toraxa marroia da, begiak erabat berdeak eta hegan abdomenaren hasiera urdin argia ikusten da.
Portaera eta bitxikeriak
Oso espezie lehiakorra da, bere espeziearen barnean eta baita ere beste espezieekin. Aipagarria da Enperadore ilunarekin duen lehia, elkarrekin bizi diren lekuetan. Ave Marian bi espezieak behatu direnez, egunen batean, ikuskizuna prest izan dezakezue!
Burruntzi eder hau ur mota guztietako inguruetan ikusi daiteke, ibai eta erreketan nahiz ur geldoetan, bizilekuari dagokionean oso malgua da eta horrek espezie arrakastatsua izaten laguntzen dio. Larben azken azal aldaketa, normalean, gauean izaten da, eta egunsentian gauean ateratako intsektuak utzitako azalari helduta ikustea irudi ahaztezina da. Larbaren tamainak eta azala uzten duen altuerak (metro bat edo gehiagora ere bai) behatzea errazten digu.
Emeak oso indartsuak dira eta sarritan ikusten dira arrekin borrokan arrautzak bakean jarri nahian, arrak harrapatzen saiatzen diren bitartean. Errutea uretan dauden hildako edo bizirik dauden landareetan gauzatzen da, emeak landarearen barnean arrautzak txertatuaz. Iberiar penintsulan Enperadore handien emeek arrautzak bakardadean jartzen dituzte eta Enperadore ilunaren emeek berriz bikotea lotuta, Piriniotatik at ordea alderantziz jokatzen dute bi espezieek.
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Afrikako iparraldean, ia Europa osoan (bere hedapena iparraldera zabaltzen ari da klimaren epeltzearen laguntzaz) eta Asiako mendebaldean bizi da.
Espezie arrunta da eta ez dago babestuta.
HEGALDI EPEA
*Klimatologia lagun badugu. Ugariagoa da udako hilabeteetan, ekainetik aurrera.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Handiena ez da beti garaile
Odonatuen arrak oso lehiakorrak dira. Lehiakortasun horri esker, 300 milioi urte bizirik irautea lortu dute. Baina aipatu beharra dago nagusitzen diren arrak ez direla beti handienak edo, printzipioz, indartsuenak. Hegan duten trebezia oso eraginkorra da, eta horretan, espezieen barnean, txikiagoak errazago burutzen dituzte maniobrak eta, horri esker, emeak bereganatu. Hori espeziearen barnean, baina baita ere espezieen artean. Aipatu dugu Enperadore ilunarekin duen afera gaurko protagonistak, bada behin eta berriz kanporatzen badu ere Enperadore handiak, beste hainbeste aldiz itzultzen da Enperadore iluna eremua gatazkatsura, hegan trebeagoa dela erakutsiaz. Ez baita alferrik burruntzi espezie azkarrenetarikoa (40 kilometro orduko abiadura neurtu izan zaio).