Hernaniko Lanbide Heziketa, euskal talde onena Euskelec lehiaketan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 22a

Denen artean bigarren izan zen Gasteizen, Valladolideko talde baten atzetik; eta fabrikazio aditiboko saria ere eskuratu zuen bigarren aldiz.

Aurreko asteburuan izan zen, Gasteizen, Euskelec ibilgailu elektrikoen lehiaketa; eta bertan hartu zuen parte Hernaniko Lanbide Heziketako Gizarte Berrikuntzako taldeak, beste behin. Sekulako protagonismoa izan zuen, gainera: bigarren postua eskuratu zuen partehartzaile guztien artean, Valladolideko ikastetxe baten atzetik.

Gauzak horrela, euskal talde onena izan zen hernaniarra, eta beste sari bat ere eskuratu zuen: diseinu eta fabrikazio aditiboko saria, bigarrenez lortu duena. «Sariaren oinarrian proiektu tekniko berritzaile bat dago: guztiz 3Dn inprimatutako bi martxatako abiadura-kutxa diseinatu eta fabrikatu dugu. Horrek erakusten ditu fabrikazio aditiboaren aukerak, ez bakarrik prototipoak sortzeko, baita funtzio mekaniko zehatzak dituzten piezak eta sistemak garatzeko ere», azaldu dute Hernaniko ikastetxetik.

Pozik azaldu da Hernaniko Lanbide Heziketa, Gasteizen lortutakoarekin: «Proba guztiak bukatu eta ibilgailuaren fabrikazio-kalitate ona erakustea lortu genuen». Bigarren postua lortzeak agerian utzi du «ikastetxean garatutako proiektuak ez zuela helburu bakarra ibilgailu elektriko bat eraikitzea. Erronka tekniko oso bat izan da: diseinatu, fabrikatu, muntatu, probatu eta lehiaketa-eremu batean egiaztatzea. Prozesu horretan, ikasleek eta irakasleek egindako lanak emaitza sendoa izan du, bai pistan, bai epaimahaiaren balorazio teknikoan», nabarmendu dute.

Bestalde, Hernaniko Lanbide Heziketak nabarmendu du, emakumezko bi gidari izan zituela taldeak, eta lehiaketan parte hartu zuten 20 ikastetxeen artean, denera lau izan zirela emakumezko pilotuak. «Datu horrek garrantzi berezia hartzen du oraindik ere arlo tekniko eta industrial askotan emakumeen presentzia txikia denean. Hernaniko taldearen kasuak erakusten du emakumeek ez dutela soilik parte hartu; protagonismo zuzena izan dute eta maila handiko lana egin dute. Lanbide Heziketako erronka nagusietako bat da talentua genero-estereotipoetatik askatzea. Horregatik, bi emakume piloturen partehartzea eta lortutako aitortza ez dira datu osagarri hutsak: mezu argia dira. Industria, mugikortasun elektrikoa, diseinua, fabrikazioa eta lehiaketa teknikoa emakumeentzat ere badira», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!