Udaletxean izan ziren pasa den asteazkenean Hernaniko ikastetxeetako ikasleak, Udaleko ordezkariei Eskola Agenda 2030erako landutakoa aurkezten. Lehen Hezkuntzakoen kasuan, mugikortasunaren barruan ildo bana landu zuten ikastetxe bakoitzean; eta Bigarren Hezkuntzakoek bidegorri zein auto pilaketetan jarri zuten fokua.
LHko ikasleek 'sketch' formatuko bideoetan azaldu zituzten ikusitako arazoak eta Udalari egindako eskaerak: Aratz autobusaren erabileran zentratu zen; Elizatxo autoak partekatzean (karpulina); Langile, eskolara oinez joatean; Txirrita bizikletaren erabileran; eta Urumea petrolioa aurreztean. Udalak adierazi zuen lerrokatuta daudela ikasleek proposatu zituzten eta Udalean jarraitzen ari diren lan ildoak.
Aratz ikastolako DBHko ikasleek, herriko bidegorrien sarea aztertu ondoren, izan litzakeen hobekuntzak eta ondoko herriekin loturak plazaratu dituzte plano batean, Udalarekin partekatu zutena asteazkenean. Hernani BHIkoak, autoa partekatzeaz aritu ziren, pilaketak ekiditeko, baita garraio publikoaren erabileraz ere.
Hurrengo urrats gisa, hilaren 28an, 10:30etatik aurrera, Urbieta kalean izango dira ikasleak, «egindako lanketa herritarrekin partekatzeko».