Pasa den ostegunean herritarrez bete zen Biteriko auditorioa; izan ere, ez zuen inork galdu nahi izan Urumea ikastola zenaren eremuan kokatuko den kultur ekipamendu berrirako hiru ideia finalisten aurkezpena: 'Kultur taupada', 'Paseoa eta kultura', eta 'Puntaren puntan'. Xabier Lertxundi alkateak, Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Ainara Atorrasagasti Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak eta Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak azaldu zizkieten herritarrei arkitektura etxeei eskatutakoak, kultura zein hirigintza aldetik.
Udalak jarritako baldintzen artean, nabarmenena da gaur-gaurkoz Milagrosan burutzen diren jarduerak egiten jarraitzeko espazioa izatea, hau da, Milagrosa kultur ekipamendu berrian integratzea, edo gaurko eraikina bere horretan mantenduz garatzea ideia. Hiru proiektuek lehenengo ideia aukeratu dute. Bestalde, hirurek lur azpiko aparkalekua izango dute, eta hirigintza zein ingurumen aldetik, espazio jasangarria, irisgarria, multifuntzionala eta herriko zentroarekin konexio zuzena duena izatea bilatzen zen.
Horrela, zazpi izan ziren lehiaketara aurkeztu ziren arkitektura enpresak, eta horietatik hiru aukeratu ditu epaimahai profesional batek, ostegunean ezagutzera eman zirenak. Aurkezpena amaitu bezain pronto ireki zituzten Sukalde gelako ateak, eta lehendabiziko hernaniarrak bertaratu ziren orduan, hiru ideien panelak ikustera; panel horietan daude azalduta proiektu bakoitzaren xehetasunak.
Bideoak eta panelak (denak ere Udalaren webgunean ikusgai) ikusi ondoren, herritarrek iritzia emateko momentua da. Bozkatzeko bost puntu ezberdin jarri ditu Udalak: Kulturarteko Plaza Feminista, Ereñotzuko Auzo Udala, Biteri, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzua eta kiroldegia. 16 urtetik gorako hernaniarrek, aipatutako puntuetan dauden boto-paperetan, proposamenen hurrenkera erabaki beharko dute, hau da, gustokoen dutena 1 zenbakiarekin markatu beharko dute, bigarren gustokoena 2 zenbakiarekin eta hirugarren gustokoena 3 zenbakiarekin. Horrez gain, epaimahai profesional batek ere bere pisua izango du aukeraketan.
Ideia irabazlearen egileak urtebeteko epea izango du behin-betiko proiektua idazteko. Hori egin eta aurkeztu ondoren, obra esleitzea izango da hurrengo urratsa. Alkateak aurkezpenean aipatu zuenez, obren hasiera 2028rako dago aurreikusia, «dena ondo bidean eta asko arriskatu gabe».