Suizidioari buruzko saioa astezkenean, nerabeen eta gazteen gurasoentzat

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 24a

Belen Perales eta Eneko Eizagirre, aurreko saio batean.

Biterin izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita, Bidegin elkarteko Belen Peralesen eta Eneko Eizagirreren eskutik. Irekia eta doakoa da.

 

Gazte Aholkularitza Psikologikoaren baitan, hiru saio antolatu ditu Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria sailak, udaberrirako. Horietan, suizidioa, ikasketak eta droga kontsumoa izango dituzte hizpide: bi saio eskainiko dituzte 16-30 urte bitarteko nerabeen eta gazteen gurasoentzat, eta beste bat Batxilergoko ikasleentzat.

Datorren asteazkenean izango da aurrenekoa, maiatzaren 27an, gurasoei bideratuta: Biterin, 18:30etan hasita. Suizidioari buruz ariko dira Bidegin elkarteko Belen Perales eta Eneko Eizagirre. Doluari eta gaixotasun larri aurreratuari laguntzeko zerbitzua eskaintzen du Bidegin elkarteak. Saioa gidatuko dute Jone Muruak eta Estitxu Agirrek, Hernaniko Gazte Aholkularitza Psikologikoko arduradunek.

 

Droga kontsumoari buruzko saioa, ekainaren 17an

Gurasoei zuzendutako bigarren saioa ekainaren 17an egingo du­te, arratsaldeko 18:30etan Gaztelekuan. Kasu horretan, droga kontsumoari buruz ariko dira Jone Murua eta Estitxu Agirre.

Gazteekin, berriz, Hernaniko Institutuan bertan egingo dute zuzeneko saio bat, maiatzaren bukaeran. Kasu horretan, ikasketa prozesua izango dute hizpide. Zehazki, Batxilergoko ikasleei azalduko dizkiete «ikasketa prozesuan nork bere burua erregulatzen ikasteko estrategiak, azterketa garaietan presioa, estresa eta antsietatea kudeatzeko tailer baten bidez».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!