Beste urte batez, Erdi Aroko azokak girotuko du Hernaniko Kaxkoa, udaberriko asteburu batez. Maiatzeko hirugarrena aukeratu dute aurtengoan, eta bihartik igandera jarriko dute azoka, Hernani Errotzenek antolatuta.
Ohi bezala, artisau produktuen makina bat posturekin beteko dute Kaxkoa, baina mota guztietako guneak eta jarduerak ere izango dira, hiru egunak girotzeko, Erdi Aroko dekorazioarekin batera. Horrela, ez dute hutsik egingo ipuin kontalariek, kale antzerkiak, musikariek, aintzinako lanbideen tailerek edota haurrentzako jolasek, eta ezta jan-edan postuek ere: jatetxe bereziak jarriko dituzte aurtengoan ere, eta tearen karpa ere izango da.
Goizez eta arratsaldez izango dira postuak zabalik, iluntzera bitarte; eta jan-edan postuak eguerdian ere irekiko dituzte. «Jende asko erakartzen du azoka mota honek. Aurten espero dugu arrakastatsua izatea, eguraldia lagun, eta kaleak bisitariz betetzeaz gain, denok ondo pasatzea», nabarmendu du Hernani Errotzenek.
Gainera, bada nobedaderik aurtengoan. Izan ere, Hernani Errotzenen informazio gunearen ondoan jarriko dute 'Biblioteka', hainbat argitaletxeren liburuekin; eta baita erakusketa bat ere, «Iruña-Veleiako aztarnategian burutzen ari den suntsiketari buruzkoa».