Ekimena, Lukas Agirreren familiari epaiketa gastuekin laguntzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 20a

Laguntza-bonoak prestatu ditu Portuko auzotar talde batek, 20 euroan, epaiketaren gastuei aurre egiteko. Portun etxez etxe salduko dituzte gaur, eta Pedro Mari tabernan eskuragarri izango dira bihartik. Kandela bana jasoko dute laguntzaileek, maiatzaren 31n balkoi eta leihoetan jartzeko.

Egunotan ari da izaten epaiketa, Donostiako Auzitegian, Lukas Agirre Izkoren erailketagatik. 2022ko abenduaren 25eko goizaldean hil zuten 24 urteko hernaniarra, labankadaz, Donostian.

Epaiketaren gastuei aurre egiteko, familiari laguntza eskaini nahi izan dio Portuko auzotar talde batek, eta ekimena jarri du martxan horretarako: 20 euroko laguntza-bonoak prestatu dituzte, eta eskuragarri jarri. Gaur iluntzean auzoko etxeetara egin zuten bisita bonoak eskaintzeko, 20:30etatik aurrera; eta bihartik Pedro Mari tabernan izango dira eskuragarri.

Laguntza-bonoarekin batera, kandela bat ere jasoko dute laguntzaileek. Kandela hori maiatzaren 31n piztuko dute, iluntzeko 21:30etatik aurrera, eta Portuko etxeetako balkoi eta leihoetan jarri. Hala egitera animatu dituzte auzotarrak, eta argazkia sare sozialetara igotzera, #justizialukasentzat traola erabiliz.
 

Bigarren astea beteko du epaiketak etzi

Maiatzaren 8an hasi zen epaiketa Donostiako Auzitegian, eta hiru pertsona ari dira epaitzen. 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak Lukas Agirre erail izanaren bi akusatu nagusientzat: giza hilketa leporatu diote bati, eta ezinbesteko laguntzaile izatea besteari. Hirugarren bati estaltzaile izatea leporatu diote, eta hiru urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat. Horrez gain, guztira 280.000 euroko kalte ordaina eskatu du fiskaltzak aurreneko biei. Zigor haundiagoak eskatu ditu Lukasen familiak, akusazio partikular gisa: 25 urteko kartzela zigorra, bi akusatu nagusientzat; eta hiru urtekoa hirugarrenarentzat.

Joan den astean deklaratu zuen Lukasen amak, eta baita lagunek ere, gertaeraren lekuko izan zirenek. Haiek adierazi dute, Lukasek ez zuela parte hartu erailketaren aurretik izan zen borrokan, eta uneoro izan zela horretatik aparte. 

Bigarren astea beteko du epaiketak etzi, eta hiru asteko iraupena aurreikusi dute. Epaiketaren hasierako egunetan egin zuten agerraldia Ertzaintzaren agenteek edota forentseek, besteak beste; eta bukaera aldera dago aurreikusita akusatuek deklaratzea. Bederatzi lagunek osatutako zinpeko epaimahaiak emango du epaia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!