Etxebizitza Behatokia auzoz auzo ibiliko da datozen lau asteetan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 20a

Gaur egingo dute lehendabiziko ibilaldia, Kaxkoan zehar, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara, Burujabetzen Etxetik abiatuta.

 

Etxebizitza Behatokia auzoz auzo ibiliko da datozen lau asteetan, Etxegurak eta Etxebizitza Behatokiak berak bultzatutako ekimenean. Burujabetzen Etxetik abiatuko dira asteazkenetan, eta arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara egun horretan dagokion auzoan zehar ibiliko dira. Bultzatzaileek diotenez, ekimenak balioko du «kaleko elkarrizketetan nabarmendu ohi den etxebizitzaren gaia herritarrekin lantzeko, ez baitago gaia lantzeko modu hoberik, eztabaida ematen den eremuetara gerturatzea baino».

Horrela, lehen ibilaldia Kaxkoan zehar egingo dute, bihar bertan. Ondoren, hurrengo asteazkenean Antziolarantz abiatuko da Behatokia, maiatzaren 27an alegia. Gero, ekaineko lehen astean, hilaren 3an zehazki, Portu auzoaren txanda izango da. Eta amaitzeko, ekainaren 10ean, Florida-Etxeberri auzoetan zehar ibiliko dira.

 

Dei zuzenak, etxebizitza hutsen jabeei

Eta ibilaldia gutxi balitz, Udalak iragarri duenez, Etxebizitza Behatokiaren bidez telefonoz deika hasiko da, hutsik dauden etxebizitzen jabeei, «horien mobilizazioan beste pauso bat emateko». Udaletik adierazi dutenez, helburua da «gaur egun erabilerarik gabe dauden etxebizitzak merkatura ateratzea eta herriko etxebizitza beharrei erantzutea».

Beraz, Behatokia harremanetan jarriko da jabeekin, eta horren bidez, informazio pertsonalizatua eskainiko zaie, gaur egun indarrean dauden alokairu-programak eta laguntza-neurriak azalduz, eta etxebizitza merkaturatzeko dauden aukerak «modu argi eta praktikoan» azalduz. 

Ekimen honen bidez, Udalak «urrats bat gehiago eman nahi du ikuspegi pedagogiko eta laguntzaile batetik, jabeek izan ohi dituzten zalantzak argitu, beldurrak gutxitu eta etxebizitzak alokairuan jartzeko bideak errazteko». Amaitzeko, Udalak nabarmendu du etxebizitza hutsak mobilizatzea «giltzarri garrantzitsua» dela, «herritar guztientzako etxebizitza eskuragarria bermatzeko bidean».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!