Nagusi izan da Hernani esku pilotako Herriartekoan. Aretxabaletan jokatu zuten final zortzirenetako joanekoa, eta jubenil, kadete zein nagusiak garaipenarekin itzuli ziren Hernanira. Itzuliko partiduak asteburu honetan bertan izango dira, Hernanin. Faseak igaroz joanez gero, hernaniarrek finala ekainaren 28ko asteburuan jokatuko lukete.
Kadeteak izan ziren lehenak jokatzen, Aretxabaletako Iturrigorri pilotalekuan, eta ezin izan zuten hobeto egin Aratz Labakak eta Lier Zugastik, 3-22 irabazi baitzuten norgehiagoka. Jarraian, jubenilak aritu ziren lehian, Ekhi Oses eta Manex Alberdi, hain zuzen; eta horiek ere sekulako emaitza lortu zuten, 4-22 Hernaniren alde. Eta azkenik, Xabi Apaolaza eta Anartz Oiartzabal nagusien txanda izan zen. Ez zuten huts egin, 10-22 garaitu baitzuten Aretxabaleta.