Pasa den igandean konfirmatu zen CD Hernanik emakumezkoen 3garren RFEF mailan jokatuko duela datorren denboraldian, Arratiak Pradejon talde errioxarraren aurka garaipera eta igoera lortu eta gero.
Taldeak horrelako maila altuan jokatuko duen lehen aldia da, eta Sylvia Lasak, taldeko kapitainak, azpimarratu du azken urteetako garapenaren erakusgarri dela hori. Jokalari bezala, bere momenturik zoriontsuena izan da igoerarena, eta taldearen poztasuna sekulakoa dela esan du. Gaur Zubipen egingo dute ospakizun ofiziala, 19:30etan, eta bertaratzeko gonbitea luzatu du kapitainak.
Igoera lortu berritan, zer moduz zaudete?
Taldea oso pozik dago. Azkenengo momentura arte aritu gara borrokan ligako bigarren postua lortzeko. Hortik aurrera ez zegoen gure esku igoera eskuratzea, baina Arratiak playoffa irabaztea eta mailaz igotzea lortu zuen. Igorrera joan ginen joaneko partidura. Urduri ginen denak hasieran, eta gero poz-pozik atera ginen bertatik, haien gol guztiak ospatu ondoren.
Itzuliko partidua ere ikustera joan zineten?
Joanekora bakarrik. 4-0 geratu ziren. Aukera zegoen itzulikoan errioxarrek buelta emateko markagailuari, baina oso zaila zen. Gainera, mailari dagokionez, diferentzia haundia ikusi genuen bi taldeen artean. Arratia talde hobea zen, eta alde horretatik nahiko lasai ginen.
Pasa den larunbatean taldeko afaria egin genuen, ospakizun txiki gisa. Eta hurrengo egunean, itzulikoa jokatzen zuten bitartean, Real Sociedad B taldearen playoffeko partidua ikustera joan ginen. Bitartean, X sare soziala begiratzen aritu ginen, Pradejon eguneratzen ari baitzen finalean gertatzen zena, eta horrela bizi genuen igoeraren konfirmazioaren unea. Oso pozik ginen momentu horretan, baina arraroa izan zen, ez genuelako ospatzeko modurik, ez ginen taldekide guztiak batera eta beste partidu bat ari ginen ikusten.
Nola izango da gaur Zubipen egingo duzuen ospakizuna?
Guretzat sorpresa da, ez digute ezer esan, 19:30etan talde guztia Zubipera jaisteko soilik, eta omenaldi txiki bat egingo digutela, ez dakigu zer duten prestatua. Ondoren afaritxo bat prestatu digutela ere badakigu. Irrikitan eta gogotsu gaude prestatu digutena ikusteko.
Egindako promesarik bete behar duenik badago?
Jokalarien artean ez zen apusturik egon. Bakarrik staffeko kide batek esan zuen igoera lortuz gero ilea txuriz tintatuko zuela. Esango nuke gaurko jarrita izango zuela aipatu zuela, beraz ospakizunean ikusiko dugu bere hitza bete duen ala ez.
Espero zenuten Arratiak modu horretan irabaztea?
Hasieran nahiko urduri ginen, bagenekielako berez bigarren mailara igotzeko playoffa zaila dela. Gero taldeen mailari erreparatu genion eta ikusi genuen Errioxako edo Nafarroako taldeena zertxobait baxuagoa zela, Madrilekoarekin alderatuta, adibidez. Orduan lasaitu egin ginen Arratiaren aurkaria errioxarra zela jakin genuenean. Egia da Pradejonek bere ligan oso erraz irabazten zituela bere partiduak, baina orain dela pare bat urte egindako berrantolaketaren ondoren, hirugarren maila autonomia erkidegoka dago antolatuta, horrek maila jaitsi zuen; izan ere, Errioxan bertan, hirugarren maila bera da emakumezkoen kategoriarik baxuena, kadeteetatik zuzenean hirugarren mailara pasatzen dira jokalariak. Horregatik, bagenekien haien maila hemengoa baino baxuagoa zela.
CD Hernanirekin bizitako zure unerik zoriontsuena da?
Euskal Ligara buelta ere bizi izan nuen, eta gogotsu ospatu genuen hura, baina aurtengoa da bereziena. Hernanik nesketan inoiz izandako mailarik altuena da. Azken urteetan hemen ematen ari den garapen haundiaren erakusle da hori. Emakumezko hiru talde izatetik bederatzi izatera pasa gara.