PSE-EEk salatu du Osiñagako mugikortasun arazoa ez konpontzea

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 17a

Sozialistek diote 2024an eskatu zutela aurrekontuetan auzoko mugikortasun plan bat egitea, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso.

 

Hernaniko PSE-EEk EH Bilduri eskatu dio Osiñaga auzoak pairatzen dituen mugikortasun arazoak konpondu ditzala. Ricardo Crespo bozeramaile sozialistaren arabera, 2024ko aurrekontuetan 50.000 euroko partida bat eskatu zuten eremu horretan mugikortasun plan bat egiteko. Crespok dioenez, urte eta erdi igaro da gutxi gorabehera, eta «gobernuak horretan lanean ari zela esan zigun arren, ez da ezer egin». 

Talde sozialistak aditzera eman duenez, apirilaren 26an prentsa bidez jakinarazi zen seinale horizontalak jarriko zirela, eta bideak margotuko direla Osiñagan, oinezkoen segurtasuna hobetzeko helburuarekin: Informazio hori ikusita, Crespok batzordean galdetu zuen, eta gobernuaren erantzuna izan zen «auzoko mugikortasunari modu integralean helduko zitzaiola Hernaniko etorkizuneko mugikortasun planaren barruan». 

Era berean, PSE-EEtik honakoa salatu nahi izan dute: «Askotan, Hernanirentzat hain garrantzitsuak diren gaien inguruko informazioa, mugikortasunarena adibidez, prentsaren bidez jasotzen dugu». Sozialistek gogorarazi dute 2024an eskatu zutela plan bat, Elorrabi inguruko ibilgailuei zubitik irteera emateko eta Osiñagako oinezkoen zubia konpontzeko: «2026an gaude, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Zonaldea utzita dago duela urte batzuetatik, eta bada garaia alternatiba bat bilatzeko, zubi berria egin arte».

Horregatik guztiagatik, sozialistek eskatu diote EH Bilduri «lan egin dezala herritar guztientzat hain garrantzitsuak diren proiektuak gauzatzen».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!