Ave Maria Parkean aurkitu daitekeen odonatu espezie txikiena izan daiteke Mariorratzekin batera. Uda bertan denean hasten da hegan, eta arrak landareen artean egoten dira eta bertatik dena zaintzen saiatzen dira. Gure lurretan bizi diren sorgin-orratzen artean kolorazio gorria ez da batere arrunta, are gutxiago kolorazio gorri horrek espezie honen bizitasuna izatea.
Ezaugarriak
Sorgin-orratz txikia da, eta bere luzera 25-35 milimetro artekoa izaten da. Arren abdomena erabat gorria da, toraxak bi kolorazio ditu: metalizatu iluna (gainaldean eta alboetako diseinu batzuetan) eta beix argia (azpialdean eta alboetako behealdean). Emeak, berriz, hiru forma nagusikoak izan daitezke abdomenaren kolorazioaren arabera (polimorfikoak dira): melanogastrum (abdomenaren gainaldea beltza bada eta ez badu arrasto gorririk), typica (abdomenaren 1-3 eta 9-10 segmentuak gorriak badira), eta erythrogastrum abdomena erabat gorria bada (arraren abdomenaren kolorazio berbera). Badaude bide erdiko formak ere (intermedium deitzen zaie), baina oso arraroak dira. Interesgarria izaten da ikustea zein formatakoak diren eme gehienak leku bakoitzean, ea Ave Maria Parkean zer gertatzen den! Izenak dioen bezala, hankak gorriztak dira eta ezaugarri horrek beste espezie batengandik bereizteko balioko digu, besteak beste, besteen hankak beltzak baitira.
Portaera eta bitxikeriak
Espezie urduria da oso, arrak oso lehiakorrak dira beraien artean, eta eme bat tartean denean borroka ziurtatuta dago. Arrek abdomena kakotu egiten dute beheraka hegan doazen bitartean, batez ere elkarren artean lehian ari direnean.
Estalketak oso luzeak izaten dira eta egun eguzkitsu eta oso beroetan maizago ikusteko aukera izaten da. Hori bai, berehala ihes egiten du bikoteak arriskurik sumatzen badu.
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Nahiz eta euskaraz Pyrrhosoma nymphula espezieari ere Andere-orratz hankabeltz deitu, ez dira, izen zientifikoak agerian uzten duen bezalaxe, genero berekoak.
Andere-orratz hankagorria ez dago babestuta, eta Euskal Herrian, leku dezenteetan falta bada ere, ugaria da bere populazioak handiak izan ohi direlako.
HEGALDI EPEA
Ez da espezie oso goiztiarra, normalean ekaina hasi eta gero azaltzen da hegan. Gero, ordea, desagertzeko garaian, azkenetako espeziea izaten da sorgin-orratzei dagokienean.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Kolorazioaren mezuak Naturan
Naturak badu espezie askoren artean zabalduta dagoen hizkuntza, kolorazioa da bere hedabidea. Kolorazio aposematikoa deritzo. Hain zuzen ere, kolore gorria, horia, laranjatua eta metalizatu argi batzuk dituen organismoak jakitera eman nahi baitu arriskutsua dela. Jakina, badira alor honetan ere gezurtiak direnak, odonatuak ere bai. Horixe da gaurko protagonistaren gezurra, arriskutsua izan daiteke beste animalia txikientzako, noski, baina ez odonatu urdin bat baino gehiago!