Gizarte Berrikuntzako LHIIk, ikasleek eraikitako ibilgailu elektronikoa eramango du Gasteizera. Euskelec lehiaketan parte hartuko du Hernaniko ikastetxeak, Lanbide Heziketako ibilgailu elektronikoen lehiaketan, alegia. Igandean izango da, maiatzaren 17an, eta zentroko lanbide-arlo ezberdinetako ikasle zein irakasleek osatutako ibilgailua aurkeztuko dute.
Euskelec hezkuntza lehiaketa bat da, zeinean ikastetxe parte hartzaileek ibilgailu elektriko bat diseinatu, eraiki, doitu eta teknikoki defendatu behar duten. Horretarako, «oinarri motor komun batetik abiatuta, fase tekniko eta sortzailea eta slalom, azelerazio, balaztatze eta erresistentzia proba dinamikoak uztartu beharko dituzte».
Ziklo ezberdinen artean eratutako proiektua
Hernaniko ikastetxearen hainbat zikloren inplikazioari esker izan da posible Euskelec lehiaketan parte hartzea. Lehenik eta behin, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Mailako Teknikariaren zikloko ikasleak arduratu dira autoaren motelgailuaren diseinuaz. Diseinu horretatik abiatuta, Erdi Mailako Mekanizazio ziklokoek motelgailu horien fabrikazioari ekin zioten.
Hurrengo pausua Metalezko Elementuen Oinarrizko Lanbide Heziketakoek eman zuten, cockpitaren fabrikazioan parte hartzen eta soldadura eta muntaketa lanak egiten, erresistentzia, segurtasuna eta arintasuna lantzeko metalezko oinarri baten gainean. Azkenik, Fabrikazio Gehigarriko Espezializazio Kurtsoak 3D inprimaketaren bidez fabrikatutako abiadura-kaxa bat garatu zuen.
Ikastetxetik nabarmendu dutenez, lehiaketan parte hartzeak ikasleei aukera ematen die ohiko tailer-praktika batetik harago doan testuinguruan lan egitetik ikasteko: «Erabaki bakoitzak ondorio errealak ditu horrelako proiektuetan; gaizki diseinatutako pieza batek edota soldadura oker batek zuzenean eragin diezaioke ibilgailuaren funtzionamenduari. Horregatik, proiektuak behar izan ditu plangintza, taldeen arteko koordinazioa, komunikazio teknikoa eta prozesu osoan arazoak konpontzeko gaitasuna. Ikaskuntza mota horrek zuzenean lotzen ditu ikasleak industriaren funtzionamenduarekin».
Ikastetxea, berrikuntza industrialarekin konektatuta
Mugikortasun elektrikoa, fabrikazio aurreratua eta jasangarritasuna egungo erronka teknologiko handien parte diren honetan, «Lanbide Heziketaren zeregina da benetako soluzioak diseinatzeko, fabrikatzeko, muntatzeko eta hobetzeko gai diren pertsonak prestatzea». Ikastetxeak lehiaketa honetan parte hartzeak «gaitasun hori erakusten du»; izan ere, proiektuak «diseinu industrialeko, mekanizazioko, soldadurako, muntaketako eta fabrikazioko gehigarriko ezagutzak batzen ditu ikasleek garatutako ibilgailu elektriko batean».
Ikastetxetik diote proiektuaren balio nagusia egindako bidean dagoela, lehiaketako azken emaitzan baino. Lehiaketan parte hartzeak ikasleei aukera eman die «helburu komun batekin lan egiteko, erantzukizunez arduratzeko eta ikasgelan zein tailerrean eskuratutako ezagutza benetako produktu bihurtu daitezkeela egiaztatzeko». Gainera, zentroarentzat parte hartze hori «aukera bat ere bada, ikasleen talentua ikusarazi ez ezik, Lanbide Heziketa berrikuntzaren eragile gisa kokatzeko».