Voces del Barrio abesbatza madrildarrak Hernani bisitatuko du asteburu honetan, Goiz Eguzki abesbatzarekin hitzartutako elkartrukearen baitan. Kontzertua eskainiko dute madrildarrek larunbatean, San Joan Bataiatzailearen Parrokian. Arratsaldeko 20:00etan izango da zehazki, eta Felipe Lemus Duartek zuzenduko du. Goiz Eguzki abesbatzako kideek ere hartuko du parte emanaldian, Vinaixa Gartzia Ezeizaren zuzendaritzapean bi kanta abestuko baitituzte.
Elkartrukearen lehen zatia Goiz Eguzki abesbatzak bete zuen; izan ere, hernaniarrak Madrilera joan ziren pasa den apirilaren 19ko asteburuan. Bi kontzertu eskaini zituzten, eta honela deskribatu zuten asteburu hura abesbatza hernaniarreko kideek: «Musikaz, kulturaz, gastronomiaz eta konpainia onaz gozatu ahal izan genuen. Konplizitate handia lortu genuen, elkartruke hutsa baino askoz gehiago izan zen».