Ingurugiro Astea ospatzeko, Katamotzarrira irteera eta bertako basoa berreskuratzeari buruzko hitzaldia

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 14a

Katamotzarriko herri-lurretara egingo dute irteera larunbatean.

Bi hitzordu jarri ditu Sagarreta Natur Taldeak, aste berezirako. Larunbat honetan egingo dute mendi irteera, Katamotzarriko herri-lurrak ezagutzeko; eta datorren ostegunean eskainiko du hitzaldia Tantaiko Markel Arriolabengoak.

 

Bi ekimen antolatu ditu Sagarreta Natur Taldeak, datozen egunetarako, Ingurugiro Astea ospatzeko. Larunbat honetan bertan izango da aurrenekoa, eta mendi-irteera egingo dute, Katamotzarriko herri-lurrak ezagutzeko. Goizeko 09:30etan hasiko dute ibilbidea, Pardiolako aparkalekutik; baina kotxeak partekatzeko zita ordu laurden lehenago jarri dute, 09:15etan Kulturarteko Plaza Feministan.

Guztira hiru orduko ibilaldia izango da, gehienez ere. Pardiolatik abiatu eta Argurutzeko estelak ikusi ondoren, GR marka zuri-gorriei segika iritsiko dira Muniskue iturrira: «Bertatik ikusi daiteke Katamotzarriko herri-lurren zati haundi bat. Lursail hau Udalak erosi zuen 2024an, 61 hektarea pasatxo ditu, eta pagadi eder bat du bere tontorrean. Beheko aldean gehienbat, eukalipto eta pinu landaketak daude, 2029ra arte pixkanaka kentzen joango direnak, horren ordez bertako basoa sustatuz», azaldu du Sagarretak.

 

Markel Arriolabengoaren hitzaldia, maiatzaren 21ean

Hain juxtu, bertako basoari buruzkoa izango da bigarren ekimena. 'Bertoko basoa nola berreskuratu: basogintza eredu jasangarriak' hitzaldia eskainiko du Tantai Baso Kooperatibako Markel Arriolabengoak. Datorren ostegunean izango da, maiatzaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan Biterin.

«Euskal Herrian oro har, baina nagusiki Gipuzkoan eta Bizkaian, basogintzak bizi duen krisiaren inguruan hitz egingo du; monolaborantzaren eta basogintza eredu intentsiboaren arazoez eta ezintasunez, alegia», azaldu dute Sagarretako kideek: «Egoera horri buelta emateko irtenbideak mahaigaineratuko ditu, besteak beste, bertako ekosistemak sortzeak eta indartzeak duen garrantzian sakonduz, irudien bidez, Euskal Herriko hainbat eredu jasangarriren berri emanez».

Baso-ingeniaria da Markel Arriolabengoa aramaioarra, eta ekainaren 8an argitaratuko du 'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian' liburua, Jakoba Errekondorekin eta Iñaki Etxebesterekin batera.

 

Cimasub itsaspeko zine zikloa, maiatzaren 19tik aurrera

Hernaniko Udalak, bestalde, Cimasub itsaspeko zine zikloa antolatu du hirugarrenez, Ingurugiro Astearekin bat egiteko. Argazki eraskuketa dagoeneko ikusgai dago Biterin, ekainaren 2ra arte; eta zine emanaldiak datorren astean izango dira. Astigarragan bezalaxe, hiru saio izango dira: maiatzaren 19an aurrenekoa, hilaren 26an bigarrena, eta ekainaren 2an azkenekoa. Arratsaldeko 19:00etan izango dira denak, Biterin; eta doakoa izango da sarrera.

Hirugarren ekintza bat ere izango da, nobedade gisa, Cimasub zikloaren baitan: doako urpekaritza-bataioak egingo dituzte maiatzaren 23an eta ekainaren 6an, 10:00etatik 12:00etara, Hernaniko kiroldegian.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!