Badute zer egin hernaniarrek larunbat goizean, maiatzaren 16an; izan ere, Euskal Herri osoko txoko ezberdinetatik etorritako 13 postuz osatutako lore eta landareen azoka izango da Urbieta kalean, baita umeentzako tailer zein jolasak ere. 10:00etan hasiko da 12garrena den edizio hau, eta 14:30etan itxiko dira postuak.
Dekolorek, Behemendik eta Udalak elkarlanean urtero antolatzen duten azoka honek, «zuzeneko salmenta sustatzea du helburu, ekoizleei euren lana erakusteko eta saltzeko gune bat eskainiz».
Lore eta landareak, kosmetika eta medikuntza-naturaleko produktuak, sendabelarrak eta artisautzako produktuak eskainiko dituzte, honako hamahiru postuetan: Arizkungo Tienduka (kosmetika naturala), Flores Ganchillo (bitxigintza), Hazi ekologikoak (sukaldaritzarako hazi eta belarrak), Islaya (kaktusak eta landare krasak), Lore Prentsatua (lore lehorrekin egindako koadroak), Mintaka (kaktusak eta landare krasak), Ortuberri (baratze eta lore-landareak), Sara Letamendia (kosmetika naturala), Sojo Natura (kosmetika naturala), Tissus artisautza (lore lehorrak), Urtinea loreak (barruko, apaintzeko eta sasoiko landareak), Viveros el Montañes (landareak) eta Zunoyar lorategia (barruko bildumarako eta apaintzeko landareak).
Haurrentzako jarduerak ere izango dira goizean zehar
Horrez gain, haurrek ere izango dute haien eremua goiz osoan zehar, entretenimendurako zein ikasketarako eremua, hain zuzen. Izan ere, azokako gunean bertan, tailerrak izango dituzte gaztetxoek, landareen tratamenduarekin zerikusia duten faktore ezberdinak ikasteko. Zurezko jolasetan aritzeko ere aperobetxatu ahal izango dute haurrek larunbat goiza.