3garren RFEF mailan jokatuko dute CD Hernaniko neskek datorren denboraldian. Euskal Ligako bigarren onenak izan ondoren, eta Arratia CD 3garren RFEFetik 2garren RFEFera igoera lortu ondoren, Hernanikoentzat toki bat libratu da, eta igoera lortu dute berdeek.
Orain dela pare bat aste jabetu ziren hernaniarrak Euskal Ligako bigarren postuaz. Lehendabizi geratu ziren Basauriko Kimuak zuzeneko igoera eskuratu zuten, maila galdu zuen Eibarren tokia okupatuz. Baina bazegoen bigarren sailkatuarentzat igotzeko aukera, 3garren mailako liderrak playoffa irabaztea, mailaz igotzea, eta beste toki bat libratzea, Hernanirentzat izango litzatekeena.
Eta horixe da gertatu dena, izan ere, Arratia CD taldea bizkaitarrak (3garren RFEFeko liderra) Errioxako Pradejon taldearen aurka jokatu du igoera. Igorren, joaneko partiduan, 4-0 izan zen emaitza, euskaldunen alde. Horrela, bideratuta utzi zuten igoera bizkaitarrek. Eta itzuliko partiduan, Errioxan, 2-5 irabazi zuten Igorreko neskek, guztira 9-2koa izanik emaitza. Beraz, momentu horretan, Arratia 2garren RFRF mailako taldea bilakatu zen momentuan, Hernani 3garren RFEF mailako taldea bilakatu zen ere.
Mutilak, bizirik
Mutilak denboraldi latza bizitzen ari dira, eta azken txanpa honetan, dena ematen ari dira mailari eusteko. Pasa den larunbatean Zubipen hiru puntu eskuratu ondoren (Hernani 4-2 Urki), eta bi jardunaldi faltan txapelketa amaitzeko, hernaniarrak azken-bigarrenak dira sailkapenean, 28 punturekin. Azkenak dira Deustokoak, 23 punturekin, salbatzeko aukerarik gabe. Eta aurretik dituzte Mutriku (29 puntu), Euskalduna (30 puntu), Orioko (33 puntu) eta Amaikak Bat (34 puntu).
Gehienez 34 puntu eskuratu ditzakete hernaniarrek, geratzen diren bi jardunalditan garaipen bana eskuratuta. Aipatutako talderen batekin, puntuei dagokienez, berdinduta amaituko balu Hernanik, horien arteko partiduen emaitzaren arabera erabakiko litzateke nor gailenduko litzakeen sailkapenean. Adibidez, bi partiduak irabazi zituen Hernanik Amaikak Baten aurka, beraz, biak 34 punturekin amaituko balute liga, eta bietako bat jaitsiko behar balitz, Debako taldea izango litzake.
Hernanirekin batera lehian dabiltzan beste taldeei dagokionez, Euskaldunak, Oriokok eta Mutrikuk alde dituzte emaitzak. Horrela, igandean Tolosan jokatuko dute berdeek, goizeko 11:30etan. Eta azken partidua etxean izango dute, maiatzaren 24ko asteburuan, Beasainen aurka. Bi aurkari horiek ez dute jada ezer jokoan sailkapenari dagokionez, eta Hernanikoei bien kontra garaipena lortzea komeni zaie, salbatzeko aukerak izateko; izan ere, nahiz eta sei puntu lortu, sailkapenean aurretik dituen taldeen emaitzen esperoan geratu beharko dira berdeak, maila mantentzea lortu duten jakiteko.