Plazan elkartu dira gaur goizean 20 bat musikari eta beste horrenbeste herritar, Isidro Ansorenaren ibilbide musikatua izendatu dutena osatzeko. Joan den urtean, txistulari hernaniarra hil zela 50 urte bete zirenean, egiteke geratu zitzaien saio berezia burutu dute horrela.
Kuriosoa izan da txistulariak, ohiko alkandora txuri eta galtza beltzen ordez, txandalak eta kirol zapatillak jantzita ikustea. Baina hitzordu bereziak hala eskatzen zuen: aurreneko emanaldiak herrigunean egin ondoren, aldapa gora abiatu dira, Santa Barbarako inguruetara, landa eremuan ere txistulari hernaniarrak sortutako piezak zabaltzeko.
Zaltzate baserrian bukatuko dute ibilaldia, Isidroren amaren jaiotetxean; eta Elutxetan borobilduko dute ospakizuna, elkarrekin bazkalduta.