Plazatik Santa Barbarara, Isidro Ansorenaren doinuekin jantziko dituzte txoko guztiak gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 9a

Isidro Ansorena, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen artxiboko argazkian.

10:00etan Plazatik abiatuta, Isidro Ansorenaren ibilbide musikatua egingo dute: bi ordu inguruko mendi buelta lasaia, haren piezekin osatutakoa.

 

Oso hitzordu berezia jarri du Hernaniko Herri Musika Elkarteak, gaur goizerako: Isidro Ansorenaren ibilbide musikatua egingo dute; mendi buelta bat, txistulari hernaniarrak sortutako piezekin osatutakoa.

Goizeko 10:00etan elkartuko dira Plazan, eta bertatik abiatuta, Santa Barbara ingurura igo eta Zaltzate baserriraino iritsiko dira, bidean bost geldialdi eginez: Lizeaga ondoko belazean, hilerriko sarreran, Martiku baserria zegoen bidean (lakua pasata), Santa Barbarako harkaitzetan, eta Zaltzate baserrian.

Erritmo lasaian egingo dute ibilaldia, haur zein heldu animatu daitezen; eta hamaiketakoa ere egingo dute tartean. Mendi buelta bukatuta, berriz, Elutxeta sagardotegian bazkalduko dute, baina horretarako aldez aurretik eman behar zen izena.

 

Mikel Berrondoren kontzertua eta erromeria, gaur bertan

Musika eta dantza gogoz denak, beste bi aukera ere izango ditu gaur bertan, arratsaldean. Batetik, hileko bigarren larunbatero bezala, San Joan Konpartsak antolatutako erromeria izango da Plaza Berrin, 18:00etan hasita. Oinkada muxiko taldeak gidatuko ditu herriko dantzarien oinak. Euria egingo balu, Atsegindegin izango litzateke.

Eta bestetik, kontzertua eskainiko du Mikel Berrondo Quitet saxofoijole hernaniarrak. Sandiusterrin izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta gradu amaierako kontzertua da emango duena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!