Hernaniko arraunlariak denboraldiko azken txanpan dabiltza buru-belarri. Pasa den asteburuan hiru aldiz jokatzekoak ziren, Gipuzkoako Trainerilla Ligan, baina ostiralekoa bertan behera geratu zenez, larunbatean Orion eta igandean Getarian baino ez ziren egon kirolariak.
Oriokoa Ligako laugarren jardunaldiari zegokion, eta Hernaniko Arraun Elkarteak antolatutakoa zen. Oria ibaian zehar, bi luze eta ziaboga bat burutzea zen arraunlarien egitekoa. Infantil, kadete, jubenil eta seniorrak aritu ziren arraunean. Kadete mailan bederatzi trainerillak hartu zuten parte, txanda bakoitzeko bi ziren, 1750 metro nabigatzeko helburuarekin.
Hernaniko neskei, berriro ere, bigarren kalea tokatu zitzaien, marea igotzen ari zen kalea, alegia. Kadeteen entrenatzaileak azaldu bezala, «egoera hori erabakigarria izan zen, batez ere itzulerako luzean». Zumaiarrekin aritu ziren lehian, eta ziabogara aurretik iritsi arren, bueltako luzean «ateratako aldea jan ziguten, tokatu zitzaigun kaleagatik».
Igandean, bosgarren jardunaldia jokatu zen, Getarian. Itsasoan izan zen hori, eta entrenatzailearen hitzetan, «gure taldeko arraunlari ia guztientzat lehen aldia zen itsasoan aritzen zirela arraunean».
Bihar eta etzi, zita bana itsasoan
Bihar eta etzi Hondarribian eta Mutrikun arituko direnez, itsasoan, entrenatzaileak pasa den igandean Getarian «ikasitakoa aplikatuko» dutela esan du, eta «emaitzak hobetzera» joango direla Hondarribira zein Mutrikura. Trainerilla Ligako azken jardunaldia izango da Hondarribian jokatuko dena, eta Mutrikukoa, berriz, Gipuzkoako txapelketa.