Poliziaz eta lapurrez beteko dute Ave Maria parkea gaur arratsaldean, Hernaniko Olinpiadek

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 8a

Santa Barbarako Konkistadoreen proba izan zen aurrekoa. Argazkia: Argiprintza

Seigarren proba jokatuko dute bertan, 18:30etan hasita. Tuttifrutti taldea da sailkapeneko buru, sei puntuko aldearekin.

Lehiaren bigarren erdian sartuko dira Hernaniko Gazte Olinpiadak, gaur arratsaldean. Seigarren proba jokatuko dute Ave Maria parkean, 18:30etan hasita: Trafikoko poliziak eta lapurrak.

10 minutuko partidak jokatuko dituzte, eta bost txanda izango dira, bakoitza bost edo sei talderekin. Bost partaide izango ditu talde bakoitzak, eta helburua izango da ahalik eta puntu gehien lortzea. Horretarako, bi modu izango dituzte partehartzaileek: beste taldeetako lehiakideen matrikulak lapurtzea (zenbakiak ordenean eta ozen esanda); eta eremuan zehar egongo diren ping-pong pelotak aurkitzea.

Txanda bakoitzeko talde ira­bazlea sailkatuko da finalera, eta baita gainerako guztien artean puntuaziorik altuena lortu duen taldea ere. Horrela, sei talde ariko dira finalean, 20:30etan hasita. Kasu horretan, zazpi minutukoa izango da partida, eta talde bakoitza hiru partaiderekin ariko da.

Tuttifrutti, sailkapeneko buru

Aurreneko bost probak jokatuta, Tuttifrutti taldea dago sailkapeneko buru, 106 punturekin. Sei puntuko aldea dauka bigarrenarekin, baina elkarren segidan datoz lau talde, oso gertu: Harrapazank (96 puntu), Kontuz, Atxuak! (95), Autobus tragikoa (93) eta Apa tte! (93).

Gaurko probaren ondoren, beste lau faltako dira: Tobogana maiatzaren 16an, Zine gaua hilaren 29an, Ardi Proba ekainaren 6an, eta Altxorraren bila 13an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!