Bigarren eskuko azoka berezia izango da larunbat honetakoa, bizikletei eskainitakoa. Ohi bezala, nahi duenak izango du aukera etxean dauzkan bizikletak, patineteak edota osagarriak (kaskoak, bizikletarako tresnak, babesak...) azokara eraman eta bertan saltzeko. Horretarako, egunean bertan eraman beharko dira, goizeko 09:00etatik 10:30etara. Urbieta kalean izango da printzipioz, baina eguraldi txarra eginez gero Atsegindegira mugituko dute.
10:30etan irekiko dute azoka, eta 13:30ak arte izango dute aukera herritarrek, bertaratu eta bigarren eskuko materiala eskuratzeko. Bizikleten azoka ez ezik, ohiko postuak ere jarriko dituzte larunbat honetan, mota guztietako bigarren eskuko gauzekin.
Postua jarri nahi dutenek, gaurkoa dute izena emateko azkeneko eguna, Nafar Kaleko Berrerabilpen Zentroan.
Behemendiren Azoka Ibiltaria, goiz osoan Plaza Berrin
Larunbat honetan egingo du bisita Hernanira Behemendik antolatutako Azoka Ibiltariak ere. Plaza Berrin jarriko dituzte postuak, eta goiz osoan zehar izango da inguruko ekoizleen produktuak eskuratzeko aukera, 09:00etatik 14:00etara.