Nabarmendu egin du EAJk, Eusko Jaurlaritzak Urumean egindako lana

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 7a

Hernaniko jeltzaleek URAk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Urumearen meandroaren «ebakidura lehorra» balioetsi dute.

 

Hernaniko EAJk balioan jarri du Urumea ibaiaren Akarregi-Ergobia tartean egindako lana, horri esker «urrats erabakigarria» eman delako herrian uholdeak izateko arriskua murrizteko. Karabel zein Portu auzoak, Zubipe zein Landare kirol-instalakuntzak eta jarduera ekonomikoak «kaltetu ditu arazo horrek azken urteotan». 

Jeltzaleek nabarmendu dutenez, URAk (Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziak) bultzatutako jarduera horiek «plangintza serio bati eta Urumearen ur-goraldiei aurre egiteko inbertsio iraunkor bati erantzun diete». Azken esku hartzea Akarregi-Ergobiako eremuan «mozketa lehor» bat egitea izan da; ubide horrek «ibaiari leku gehiago ematea ahalbidetzen du euri haundiko uneetan, emariaren zati bat kanalizatuz eta ur laminaren altuera murriztuz».

Gogorarazi dute, halaber, hori ez dela «jarduketa isolatu» bat, URAk Urumea bailara osoan egindako lan jarraitu baten parte baizik, azken urteotan «milioi askoko inbertsioa» suposatu duena: Karabeleko zubia eraistea eta ordezkatzea, Karabel auzoko uholdeetatik babesteko lezoia eraikitzea, erribera lehengoratzea, edota Trankaz presa eraistea. Lan horien helburua da «Plangintza Hidrologikoan definitutako Euskadiko ibaien egoera ekologiko ona berreskuratzea, ibaien konektibitatea hobetuz eta ekosistema urtarraren biodibertsitatea bultzatuz».

Bestalde, EAJk gogorarazi du Hernaniko EH Bilduk egindako proposamena «teknikoki desegokia zela, eta zorroztasun falta kezkagarria islatzen zuela». Jeltzaleen iritziz, EH Bilduren planteamenduak «ez zuen arazoa konpontzen, larriagotu baizik, arriskua erriberako beste eremu batzuetara eramanez». 

Ildo horretan, talde jeltzaleak bere lan egiteko modua goraipatu du, eta balioa eman dio: «Arazoak aztertzea, eskumena duten erakundeekin lankidetzan aritzea eta proposamen errealisten alde egitea. Horrenbestez, gaur egun, Eusko Jaurlaritzak egindako esku-hartzeak segurtasun eta lasaitasun haundiagoa dakarkie Hernaniko bizilagunei».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!