Bueltan da Bizilagunak topaketa, bertako herritarrak eta kanpotik iritsitakoak elkartzeko, mahai baten inguruan. Igande honetan egingo dute, baina formatua aldatuko dute aurtengoan Hernanin, Amher elkartearen eskutik: partehartzaile guztiek elkarrekin bazkalduko dute, Kulturarteko Plaza Feministan. Bakoitzak etxean prestatutakoa baliatuz, elkar ezagutzeko eta plater ezberdinak dastatzeko aukera izango da bertan. Gainera, azaldu dute sukaldatzeko aukerarik ez duenak ere hartu dezakeela parte, «funtsezkoa harremanak elikatzea baita, esperientziak eta jakintzak elkartrukatuz, hobeto ezagutzeko».
Edonola ere, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, eta bi bide jarri dituzte aukeran: Amherren 650 294 390 telefonora idatzi, edo sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak webgunearen bitartez egin.
Migrazinema maiatzaren 13an, eta ibilaldia 15ean
Bizilagunak izango da maiatzeko hitzordu nagusia Amherrentzat, baina ez bakarra. Izan ere, datorren asterako jarri dituzte beste bi zita. Horrela, Migrazinemaren saioa antolatu dute maiatzaren 13rako, asteazkenez, arratsaldeko 18:00etan Kulturarteko Plaza Feministan. 'El cielo sobre Riace' dokumentala jarriko dute, aditzera ematen duena Italiako Riace herrian iritsi berrientzat landu den harrera esperientzia, Europan erreferentziazkoa bilakatu dena. Gainera, solasaldia ere egingo dute ondoren, Artea Harrera Sareko kideekin.
Hilaren 15erako, berriz, ibilaldia antolatu dute, ostiralarekin. Goizeko 10:00etan abiatuko dira Plaza Feministatik bertatik, eta Astigarragara joango dira. Bidea eta ingurunea ezagutzeko ez ezik, Sagardoetxea bisitatzeko ere baliatuko dute irteera.