Festa dator Errapia Artelekura larunbatean, udaberriro bezala, Hernaniko Zikuñaga auzoan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 7a

2025eko Errapia festako mural margoketa.

Egun osoa beteko duten jarduerekin dator aurtengo egitaraua, mural margoketarekin hasi eta Ilargi taldearen kontzertuarekin amaituta.

 

Udaberriro bezala, datorren larunbatean, maiatzaren 9an, Errapia festa ospatuko da Zikuñaga auzoko Errapia Artelekuan. 10:00etan ekingo diote festari, mural margoketarekin, 13:00ak arte iraungo duena. 

Sormenerako espazioa ere izango dute gaztetxoek; izan ere, helduek murala margotzen duten bitartean, Errapien marrazkiak margotu ahal izango dituzte, eta ondoren, kartera tailerrean parte hartzeko aukera izango dute.

Halaber, 11:30etatik 13:00etara, Errapia Artelekuko ateak zabalik izango dira; horrela, interesa duen edonork bertan lan egiten duten artista, artisau, eta sortzaile ezberdinen obrak ezagutzeko aukera izango du.

14:30etan Errapiako kideek bazkaria egingo dute, eta ondoren, ospakizunari itxiera ezin hobea emateko, Ilargi taldeak kontzertua eskainiko du arratsaldean zehar, 16:00etan hasita. 

Aurreko urtearekiko, soilik tradizionala eta ukiezina den mural margoketa mantendu da aurtengo egitarauan. Festa honen ezaugarrietako bat da urtero jarduera berriak antolatzea, beti artearekin eta sormenarekin lotutakoak, noski.

 

EGITARAUA

MAIATZAK 9, larunbata

10:00-13:00 Mural margoketa

11:30-13:00 Ate irekiak

12:00-13:00 Kartera tailerra

14:30 Errapiako kideen bazkaria

16:00 Ilargi taldearen kontzertua 

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!