Potemkin zinema taldeak 'Gauza txikien jeinua' zine zikloa eskainiko du Biterin. Abbas Kiarostami zinegile, gidoilari, poeta eta argazkilari iraniarraren lau film proiektatuko ditu, jatorrizko bertsioan. Irango gobernuak salatu zuen pasa den otsailaren 28an bonbardaketa jasan zuela Kiarostamiren museo-etxeak. Gainera, bere filmak zentsuratu dituzte 'Filmin' plataforman. Kiarostamiren «ondare iraunkorra» halakoxea izaten jarraitzeko proiektatuko dira filmak.
19:00etan izango dira emanaldi guztiak, lau egun ezberdinetan. Lehendabizikoa bihar bertan emango dute. 'Ta'm e guilass (El sabor de las cerezas)' izango da, 1997koa, ordu eta 38 minutuko iraupenarekin. Bere buruaz beste egin aurretik, hori egiten lagunduko dion eta lurperatuko duen pertsona bat bilatzen ari den gizon baten istorioa kontatzen da; egoera horrek askotariko pertsonaiak ezagutzera eramaten du protagonista.
Bigarrena hilaren 21ean jarriko dute, 'Nema-ye Nazdik (Primer Plano)'. 1990ean sortu zen, eta ordu eta 40 minutuko iraupena du. Filmak Mohsen Makhmalbaf zuzendariaren miresle baten istorioa kontatzen du.
Beste biak ikusteko aukera ekainean izango da. 11n 'The Traveler (El viajero)' filma izango da, Hassan Rafiiren gidoia duena. 1974garren urtekoa da filma, eta ordu eta laurden irauten ditu. Qasem ikastea gustuko ez duen gaztetxoa da, eta egun osoa futbolean pasatzen duena. Talde nazionalaren partidu bat ikustera joateko, dirua aurreztuko duela erabakitzen du. Azkenik, ekainaren 18an, 'Copie conforme (Copia Certificada)' pelikula emango dute. 2010ekoa da, eta ordu eta 45 minutuko iraupena du. Gizon eta emakume batek elkar ezagutzen duten istorioa kontatzen du, Toscana (Italia) hegoaldeko herri txiki batean.