«Hernaniko haur eta gazteek merezi duten elikadura eredua» aldarrikatzeko, jangela eredu berri baten proiektua landu du herritar talde batek; eta hura aurkezteko agerraldia egingo dute datorren astelehenean, maiatzaren 11n, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Gasteizen.
Horrekin lotuta, proiektua Legebiltzarrean aurkeztera dijoazela iragartzeko eta egingo dituzten proposamenei indarra emateko, herri mailako babes-argazkia egiteko hitzordua jarri dute: etzi arratsaldean izango da, ostegunez, 17:00etan Biterin; eta bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei.
Era berean, gonbitea luzatu diete astelehenean Gasteizera joateko ere, 11:00etan izango den aurkezpen ekitaldira. «Horrela, argi utziko dugu proiektu honek Hernaniko hezkuntza komunitate osoaren babesa duela».
2023an hasitako bidea, «une erabakigarrian»
2023an eman zioten hasiera jangela eredu berriaren lanketari. «Ordutik pauso garrantzitsuak eman ditugu, herriko ikastetxe guztietako Eskola Kontseiluen onespena eta Hernaniko Udalaren osoko bilkuraren aho bateko babesa jasota; baina une erabakigarri batera iritsi gara. Orain proiektu hau egi bihurtzeko eta gure haur eta gazteentzat jangela eredu osasungarri eta iraunkor bat lortzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da guztion indarra eta partehartzea».
Horregatik luzatu dute bi agerraldietan parte hartzeko deia: «Gure ahotsa entzunarazteko eta erabakietan eragiteko unea da. Guztion partehartzeak eta indarrak bultzada haundia ematen diote ekimenari, eta Hernaniko Hezkuntza Komunitateak herriko haur eta gazteen ongizatearekiko duen konpromisoa berresten du».