Astelehenean hasiko dira Etxeberriko haurren zein helduen danborradaren entseguak, Mendekoste jaietarako. San Joanetako zein Mendekoste jaietako klasikoa da danborrada; danborrez ez ezik, hamaika instrumentuk osatutako txarangak ere girotzen du urtero, maiatza bukaeran, Etxeberri auzoa.
Hilaren 23an izango da gaztetxoena, eta komisioak Mendekoste zein San Joanetako danborradatan parte hartu nahi duten haurrak gonbidatu ditu entseatzera. Astelehenetik ostegunera izango dira, 18:30etatik 19:30etara, Etxeberriko elkarteko lokalean. Jantziak utziko direla ere adierazi dute.
Helduen danborradaren kasuan, hilaren 22an izango da, gaueko 23:00etan. Horien entseguak, halaber, haurrenak amaitu eta jarraian egingo dituzte, toki berean, astelehenetik ostegunera 19:30etatik 20:30etara.