Txapelketaz txapelketa saltoka joan da apirilean zehar Hernani Gimnastika. Apirilaren 11n Portugaleten izan ziren hernaniarrak, Peñota txapelketan. Bertan, Nerea Echarrik lehen postua eskuratu zuen sokarekin, Infantil H taldea laugarren postuan geratu zen, eta Carla Fuertes bosgarren onena izan zen uztaiarekin.
Ondoren, apirilaren 18an, Gasteizen izan ziren Lirain Txapelketan lehiatzen. Infantil T taldeak bigarren postua, kadete B taldeak lehen postua, eta senior A taldeak hirugarren postua eskuratu zituzten. Bestetik, Erika Marquez bigarren onena izan zen uztaiarekin.
Jarraian, hilaren 26an, Irunesa Txapelketara (Irun) joan ziren, eta pleno egin zuten parte hartutako talde guztiekin; izan ere, Kadete B taldeak lehen postua eskuratu zuen, eta Jubenil A zein Senior A taldeek bigarrengo postu bana.
Tartean, pasa den apirilaren 25ean, amateur kategoriako Hernaniko gimnastak Ibarran izan ziren, Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen. Erika Marquez kadetea onena izan zen uztaiarekin, eta laugarrena mazoekin, Gipuzkoako txapeldunordea izanik sailkapen orokorrean. Ainhoa Prados jubenilak bigarren postua xingolarekin, eta hirugarrena pelotarekin eskuratu zituen, Gipuzkoako hirugarren onena izanik sailkapen orokorrean. Maider Iriondo seniorra Gipuzkoako hirugarrena izan zen sailkapen orokorrean, bigarren onena izanik pelotarekin, eta hirugarrena uztaiarekin. June Rueda seniorrak hirugarren postua eskuratu zuen mazoekin. June Clemente eta Nerea Echarri seniorrak kideka Gipuzkoako txapeldun izan ziren, lehenengoak mazoekin lehen postua eta bigarrenak sokarekin laugarrena eskuratuta. Azkenik, Jubenil A taldea lurraldeko laugarrena izan zen.