Kaxkoa birgaitzeko plan bereziari buruzko mozioa onartu du Plenoak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 3a

Udal talde guztien babesarekin, Jaurlaritzari eskatu diote legedia eguneratu dezala, legez eraikitako etxebizitzek dauzkaten mugak gainditzeko, 'ordenaziotik kanpo' daudelako.

 

Kaxkoan kezka iturri den gai bat azaleratu zuten Hernaniko Udalaren astearteko Plenoan, EH Bilduk aurkeztu eta udal talde guztien babesarekin onartutako mozio batekin. Horren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote berrikusi eta eguneratu dezala legedia (zehazki, Kultura Sailaren 544/1995 dekretua).

Dekretu horrek Kultura Ondasun gisa kalifikatzen du Hernaniko alde zaharra, eta ezartzen du bertako eraikinek gehienez beheko solairua eta beste hiru solairu izan behar dituztela. Kontua da, 1995ean dekretua onartu zenerako, 'ordenaziotik kanpo' dauden etxebizitza horietako asko jada existizen zirela Kaxkoan, udal lizentzia bidez eraikitakoak, araudia eta baimenak errespetatuz. «Ondorioz, egungo araudiak egoera paradoxiko eta bidegabea sortzen du: bere garaian legez eraikitako etxebizitzak gaur egun mugatuta daude, ezin baitira behar bezala egokitu, ezta hobetu ere. Horrek zuzenean eragiten du herritarren bizi-kalitatean, eta oztopatzen du etxebizitza-parkea eguneratzea eta mantentzea», azaldu zuen Itsaso Lekuona EH Bilduren bozeramaileak. Izan ere, etxebizitza horiek zailtasunak dauzkate birgaitze lanak egiteko, irisgarritasuna bermatzeko (igogailuak jartzeko, adibidez), eta teilatuen edo egituraren egokitzapenak egiteko.

'Ordenaziotik kanpo' 40 eraikin daude Hernaniko Kaxkoan. Gauzak horrela, «82 etxebizitza dira egoera juridikoa eta urbanistikoa baldintzatuta dutenak, eta horietan 175 pertsona daude erroldatuta. Kopuruak ez dira oharkabean pasatzekoak, inondik ere», adierazi dute.

Horren aurrean, Hernaniko Udalak Gune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezi (PERCH bezala ezaguna) berriaren proposamena landu eta aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari, «egoera horri irtenbidea emateko eta gaur egun 'ordenaziotik kanpo' dauden eraikinak kontsolidatzeko helburuarekin. Baina ezezkoa jaso du proposamenak, indarrean dagoen dekretua ez delako betetzen». Hori horrela, Udalak dio egoerak agerian uzten duela «arazoaren muina: gaur egungo araudia bera dela eguneratu beharrekoa, ez Hernaniko errealitatea. Are gutxiago egungo testuinguruan, etxebizitza larrialdi betean».

Horregatik, diote beharrezkoa dela «egungo errealitate urbanistikoa eta soziala aintzat hartuko duen marko malguago bat ezartzea, eta bereziki, legez eraikitako etxebizitzen erregularizazioa eta egokitzapena ahalbidetzea»; kontuan hartuta, gainera, Kaxkoko etxebizitzak «Hernaniko errealitate historiko eta urbanistikoaren isla zuzena» direla. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!