Madrilen izan ziren pasa den apirilaren 17tik 19ra Goiz Eguzki abesbatzako kideak, Malasañako 'Voces del barrio' abesbatzarekin egindako trukearen lehen zati gisa. Hiru egun horietan zehar, Hernaniko abesbatzako kideek «euskal kultura errespetatu, emozioz eta hurbiltasunez transmititu, eta abestutako melodia bakoitzaren funtsa azaldu» zuten.
Vinaixa Gartzia Ezeizaren gidaritzapean, 15 abesti zituzten entseatuta hernaniarrek, euskal folklore klasikoak gehienak. Ostiralean eskaini zuten lehen kontzertua, apirilaren 17an, Chamberin. Amaierako abestiak 'Voces del barrio'rekin batera interpretatu zituzten, eta bildutako dirua Paraguaiko osasun-instalazioak hobetzeko erabili zen.
Bigarren kontzertua larunbat arratsaldean eskaini zuten, bakarka, Malasaña auzoko Montserrat elizan, aurreko eguneko egitarau berarekin. Igandean itzuli ziren Hernanira, Segovian eta Aranda de Dueron parada bana egin ondoren. Maiatzaren 15etik 17ra bitarteko asteburuan, abesbatza madrildarraren txanda da, horiek etorriko baitira Hernanira orduan.