Maila ederrean ari dira lehian CD Hernaniko atletak, eta horren erakusle dira Gipuzkoako Txapelketetan lortu zituzten emaitzak. Guztira zazpi domina eskuratu zituzten, adin eta proba ezberdinetan.
Arrasaten jokatu ziren kategoria gehienetako probak, eta abiadura probetan zein iraupenekoetan kolkoratu zituzten dominak hernaniarrek. Horrela, Ander Martinek brontzea eskuratu zuen 100 metroko proban, 16 urtez azpikoetan; eta 1.500 metrokoan zilarra lortu zuen Uxue Rodriguezek, 18 urtez azpikoetan. Baina tarteko distantzian izan dira hernaniarrak jaun eta jabe. Izan ere, lau domina eskuratu zituzten 800 metroko proban: Hodei Sasiainek urrea 23 urtez azpikoetan, Oier Arrutik brontzea 20 urtez azpikoetan, Unai Villegasek zilarra 18 urtez azpikoetan, eta Irati Mugikak brontzea 18 urtez azpikoetan.
Irunen, berriz, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan eskuratu zuen brontzezko domina Irati Olazabalek, 1.000 metroko oztopo proban, infantiletan.