Atzietako hirigintza proiektu berria aldatzea eskatu du Hernaniko PSE-EEk

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 30a

Bere kezka azaldu eta proposamenak aurkeztu ditu «zonaldean eraikinak egiteak izan ditzakeen ondorio negatiboak murrizteko».

 

Hernaniko PSE-EEk hainbat aldaketa proposamen aurkeztu dizkio Atzietan (Goiz Eguzki, Elizatxo eta Portu arteko eremuan) etxebizitzak garatzeko proiektuari, udal talde sozialistak berak aditzera eman duenez: «Herritarren kezkaz jabetuta, eta Udalak antolatutako bi informazio-saioetan parte hartu dutenen kexak entzun ondoren, hainbat proposamen egin ditugu, zonaldean eraikinak egiteak ekarriko dituen ondorio negatiboak murrizten saiatzeko».

Zentzu horretan, PSE-EEk gogorarazi du 2026ko udal aurrekontuetarako egin zuela proposamena, «herritarrak eta inplikatutako eragile ezberdinak barne hartuko zituen partaidetza prozesu bat abian jartzeko».

Ricardo Crespo bozeramaile­ak adierazi duenez, «beharrez­koa» iruditzen zaie «prozesu par­tehartzaile hau planteatzea ego­era nolabait bideratzeko, Udalaren aldetik partehartze eta entzute faltagatik auzokideen ezinegona egiaztatu ondoren». Alderdi sozialistak argi utzi nahi izan du ados dagoela zonalde horretako garapen urbanistikoarekin, baina «nola garatzen den landu beharra» dagoela.

 

Proposamenak, eraikinen altuera murrizteari begira

Sozialisten arabera, herritarrek «beren kezka» adierazi dute «ere­mu horrek naturarentzat izango duen narriaduragatik, baita egon litekeen ondare historikoa suntsitzeko arriskuagatik eta eraikinen altuerak Kaxkoan izan dezakeen eragin bisualagatik ere». Horregatik, Udaleko hirigintza zerbitzu teknikoari eskatu dio aztertu dezala «hirigintza-aprobetxamenduak Hernaniko etorkizuneko garapen-eremu batera lekualdatzeko aukera, aprobetxamendu horiei uko egin gabe; hau da, legez Udalari legozkiokeen etxebizitza edo lokalei uko egin gabe». Modu horretara, sozialistek diote Udalak aprobetxamendu horiek utziko lituzkeela, «egingo diren eraikinek altuera txikiagoa izan dezaten eta, horrela, eremuan inpaktu txikiagoa izan dezaten, batez ere garapenaren erdiko zatian proiektatzen den eraikinean».

Era berean, Hernaniko PSE-EEk proposatu du Atzieta kalean egingo den eraikinerako aurreikusita dauden garajeak mugitzea erdian geratuko litzatekeen blokera: «Aldaketa horri esker, Atzieta kaleko eraikinean, etxabeak hutsik geratzean, etxebizitzak eraikitzeko aprobetxatu ahal izango dira, eta proiektatutako eraikinaren altuera murriztuko litzateke, aurreikusita dagoena baino pisu bat gutxiago izatera pasatuz».

Udal talde sozialistak dio partehartze saioetan «auzotarrei entzun ondoren» iritsi dela irtenbide posible horietara: «Orain, zerbitzu teknikoei dagokie bideragarritasuna eta gauzatzeko modua zehaztea. Bideragarria bada eta eragozpen ekonomikorik ez badago, borondate politikoaren araberakoa izango da haien garapena. Funtsezkoa da erakustea erakunde publikoak gauzak aldatzeko eta ahulenak babesteko daudela. Ezin dugu auzotarren iritziari bizkarra emanda jokatu, jendeak politikan duen mesfidantza areagotuko genukeelako».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!