Bilera informatiboa gaztetxean, inoiz Akelarrean parte hartu duenarentzat

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 30a

2025eko Akelarreko antzerkia, Plazan.

Maiatzaren 7an izango da. 40garren urteurrenaren harira, aurtengoa berezia egingo dute.

 

40 urte beteko dira Akelarreko sorgin, adar, galtzagorri eta dultzaineroek Hernaniko kaleak lehen aldiz hartu zituztenetik. 1986ko San Joan bezperan izan zen, eta ordutik mantendu den tradizioa da: «hamaika lagunen lan eta indarrari esker urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat bilakatu zaigu», diote antolatzaileek.

Aurtengoa berezia izango da ondorioz, 40garren urteurrena izanik, «orain artekoa eskertu eta ospakizun egun bihurtuko dugu». Horrela, inoiz Akelarrearen parte izan den oro gonbidatu nahi du antolakuntzak, maiatzaren 7an egingo den bilera informatibora. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Kontrakatxan.

 

Festetan, ezinbestekoa

San Joan bezperako arratsaldea girotzen duen ekitaldia da Akelarrea. Izatez hala da, eta gainera, San Joan suari lekukoa pasatzen dion ekitaldia ere bada. Hernaniko festetako egitarauan ezinbestekoa den emanaldia da beraz. Urtero liluratzen ditu hernaniarrak; aurtengoa berezia izango dela iragarri dute, eta ziur ez dutela hutsik egingo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!