Hernaniko udaletxean aurkeztu zuten, herenegun, Etxeko Memorialaren bigarren edizioa, Ados Pilotaren eskutik. Izan ere, herriko kiroldegiko frontoian jokatuko da final haundia, maiatzaren 7an.
Bertso-pelota txapelketa da, bosgarrenez jokatuko dena; baina bigarren urtea du Etxeko Memorial gisa, Naroa Zubeldia Etxekolonea zenaren omenez. Joan den urtean hil zen 27 urteko esku pelotari zubietarra, Ados Pilotaren sortzaileetako bat.
Lau talde ariko dira lehian, hiru pelotariz eta botilero-bertsolari batez osatuta, lore izenekin: Mitxoletak (Agirre, Betegi eta Iturriaga, Nerea Elustondorekin), Bitxiloreak (Mujika, Mendiburu eta Arrastia, Anjel Mari Peñagarikanorekin), Eguzkiloreak (Barrokal, Orbegozo eta Gomez, Sebastian Lizasorekin), eta Kukuprakak (Oskoz, Ruiz de Larramendi eta Aranburu, Maialen Akizurekin). Jardunaldi bakoitzean, buruz buruko eta binakako partidu bana jokatuko dute, eta aurtengoan, nobedade gisa, bertsolarien lana epaitu eta sarituko dute ikusleek: bere taldeari bi tanto extra emango dizkio saioko bertsolari onenak.
Bihar bertan hasiko da txapelketa, eta sei jardunaldi jokatuko dituzte finalaren aurretik, denak ere maiatzean: biharkoa Altsasun, hilaren 3an Aoizen, 22an Berriozarren, 23an Donamarian, 30ean Getarian, eta 31n Lazkaon.
Euskal Herrian oso errotuta dauden eta herri izaera indartzen duten bi diziplina uztartzeko asmoarekin sortu zuten txapelketa, eta zentzu horretan, «finala hartzeko aukera ohorea» dela nabarmendu zuen Axier Mingo zinegotziak aurkezpenean.