Isidro Ansorenaren ibilbide musikatua egingo dute maiatzaren 9an, bere piezekin osatutako mendi buelta

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 30a

Isidro Ansorena, Donostiako Udalaren Txistulari Bandaren argazki batean.

Goizeko 10:00etan abiatuko dira Plazatik, eta bi ordu inguruko irteera osatuko dute, bidean bost geldialdi eginez, txistulari hernaniarrak sortutako piezak eskaintzeko. Bazkaria ere egingo dute bukaeran, Elutxeta sagardotegian.

Hitzordu berezia jarri du Hernaniko Herri Musika Elkarteak, maiatzaren 9rako. Larunbat goizez, Isidro Ansorenaren ibilbide musikatua egingo dute: mendi buelta bat, txistulari hernaniarrak sortutako piezekin osatutakoa. Plazatik abiatuko dira, goizeko 10:00etan; eta Santa Barbarako inguruetara joko dute, bi ordu inguruko ibilaldia osatzeko, erritmo lasaiean. Izan ere, haur zein heldu animatzea da antolatzaileen nahia.

Ibilbidean zehar, bost geldialdi egingo dituzte, Isidro Ansorenaren piezak eskaintzeko. Lizeaga kalearen ondoko belazean izango da aurrenekoa, eta hilerriko sarreran bigarrena. Bertatik Santa Barbara aldera hartuko dute, eta Martiku baserria zegoen tokian izango da hirugarren parada, lakua pasata. Santa Barbarako harkaitzaren oinetan egingo dute laugarren geldialdia, eta azkenekoa, berriz, Zaltzate baserrian.

Eguna borobiltzeko, bazkaria ere egingo dute, Elutxeta sagardotegian. Bertan bazkaldu nahi duenak, lehenbailehen jarri beharko du antolatzaileekin harremanetan, azkeneko plazekin ari baitira, erreserba tarteko. Horretarako, mezua bidali behar da hernanikohme@gmail.com helbide elektronikora edo whatsappez 613 085 914 telefonora. 32 euro dira.

 

Herriko hainbat tokiri eta  baserriri eskainitako obrak

Proposatu duten ibilbidea ez da kasualitatea. Isidro Ansorenaren obra sorta zabalean topatu daitezke Hernaniko toponimiari eskainitako hainbat fandago, arin-arin, kontrapas... «Batzuk gune edo toki zabalei eskainiak dira, beste batzuk baserri edo etxe konkretuei eginak. Garaiak aldatu dira, eta baserri batzuk desagertu badira ere, beste batzuek zutik diraute», azaldu dute Herri Musika Elkartetik.

Hernaniarraren obra bana jaso zutenen artean aipatu dituzte, esaterako, honakoak: Pipirita baserria, Elizatxo auzoan kokatuta zegoena; Sorgintxulo baserria, egungo izen bereko auzoan zegoena; Altzega baserria, Zikuñagan zegoen etxea, Goizuetara bidean; Pangorri baserria, semea okina zuen etxea (ogi beltza egitetik datorkio izena); Arrikarte mendi lepoa, Santa Barbaratik gertu dagoena; Urdaburu mugarria, Hernani, Errenteria eta Donostia elkartzen dituen tokia; eta Zaltzate baserria, Lasarteko lurretan, Isidroren amaren jaiotetxea zena. Bertan egingo dute azkeneko geldialdia, ibilaldiari errematea jartzeko, bazkariarekin ospakizuna borobildu aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!