Bi dirulaguntza deialdi zabaldu ditu Hernaniko Udalak, egunotan. Batetik, martxan da kultur jardueretara bideratutakoa, irabazi asmorik gabeko elkarteak diruz laguntzeko. 66.000 euroko partida jaso du Udalak horretarako, eta maiatzaren 20ra arte egin daitezke eskaerak: telematikoki, hernani.eus webgunean; edo modu presentzialean, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Informazio gehiagorako, interesa dutenek 943 55 29 62 telefonora deitu dezakete, edo kultura@hernani.eus helbide elektronikora idatzi.
2026an kultur jarduerak antolatzeko da deialdia, eta helburua da dirulaguntza ematea «kultur ekintzak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei, kulturaren sustapen eta zabalkunde arloan programak edo jarduera zehatzak garatzeko eta egiteko».
Merkataritzako dirulaguntzak, lokal hutsetan edo ixtear daudenetan negozioak abiatzeko
Merkataritza ekintzailetzara bideratutakoa da bigarren dirulaguntza lerroa, 50.000 euroko partidarekin. Zehazki, helburua da sustatzea hutsik dauden merkataritza lokaleta jarduera ekonomikoak martxan jartzea, eta ixtear dauden negozioetan eskualdatzea ematea, «herriko ehun komertziala mantentzeko eta haunditzeko».
Gainera, aurtengo deialdian zabaldu egin dute laguntza eremua. Izan ere, jarduera ekonomikoek negozio-lerro berriak irekitzen badituzte, edota establezimenduak haunditu, hori ere diruz lagunduko dute, baita etxebizitzetan kokatuta dauden zerbitzuak lokal komertzialetara lekualdatzea ere.
Honako gastuak lagunduko dituzte diruz: lokalen alokairua eta erosketak; obrak eta berrikuntzak; jarduera berrien kasuan, ekintzaileen kotizazioak; edota Berriak elkarteko eta Hernani Burujabeko bazkidetzak.
Urriaren 31ra arte izango da dirulaguntza eskatzeko epea, eta barne hartuko ditu 2025eko azaroaren 1etik mugaegunera arte egindako gastuak.
Bestalde, Udalak gogorarazi du doako zerbitzua eskaintzen duela merkataritza jarduerak abian jartzeko eta bideragarritasun plana osatzeko, Beterri-Buruntza Mankomunitatearen bitartez. Laguntza horiei guztiei buruzko informazio gehiago jasotzeko, Plazara Gunera (Gudarien Plaza, 5) jo dezakete interesa dutenek, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara. 943 33 70 35 telefonoan edota merkataritza@hernani.eus helbidean ere eskatu dezakete informazioa.