Bihartik igandera izango da Garagardo Azoka, eta errugbi txapelketa herrikoia da aurtengo nobedadea

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 29a

Garagardoaz eta giro ederraz gozatzeko aukera izango da berriro Atsegindegin.

Bihar 18:00etan egingo dute azokaren irekiera, Juanito Rodriguez zena omenduta. Larunbatean izango da torneoa, edonorentzat irekia.

Hemen da errugbi eta garagardo zaleen urteroko zita garrantzitsuenetako bat: bihar zabalduko ditu ateak Hernaniko Garagardo Azokak, 22garrenez; eta igandera arte izango da bertako giroaz eta jan-edanaz gozatzeko aukera Atsegindegin, bazkaritan zein afaritan. Bihar arratsaldeko 18:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, eta Juanito Rodriguez Laburu zena omenduko dute bertan.

'Tokata' errugbi txapelketa herrikoia izango da aurtengo nobedadea, azokaren egunetan. Larunbatean jokatuko dute, Landaren, goizeko 10:00etan hasita. Zazpi jokalariko taldeak izango dira, eta gehienez ere hiru izan daitezke federatuak. Izenematea zabalik dago, 688 603 492 telefonoan: 5 euro dira torneoan partehartzea, eta bazkariarekin 15 euro.

Horrela, nahi dute errugbiaz ez dakitenak ere animatu daitezela probatzera eta ezagutzera. «Kontakturik gabeko partiduak izango dira, ikutzera». 10 minutuko partidu azkarrak jokatuko dituzte, eta garagardoa doan izango dute jokalariek, partiduak jokatu bitartean. Txapelketa bukatutakoan joango dira Garagardo Azokara, bazkari berezira. 

Izan ere, klubaren eguna da larunbatekoa, eta paella jate herrikoia, bingoa eta Bide Batez taldearekin erromeria antolatu dituzte eguna borobiltzeko. Bazkarirako, 200 lagunentzat izango da tokia. Helduen menua 12,5 euroan izango da: paella, katu mingainak, garagardo berezi bat, eta bingorako kartoi bat. Haurren menua, berriz, 10 euroan jarri dute: paella, postrea, ur botila eta bingorako kartoia.

Gainerako egunetan ere izango dira kontzertuak: La Jodederak girotuko du ostegun gaua, eta Fan&Go taldeak ostiralekoa.

Mus txapelketa, igande arratsaldean

Igandean ere izango da torneorik, baina azokan bertan jokatuko dute oraingoan: mus txapelketa, arratsaldeko 17:00etan hasita. Izenematea 20 euro dira bikoteko, 646 202 569 telefonora deituta. Momentuan ere izango da apuntatzeko aukera, bikote kopuruaren arabera. Potoloak izango dira sariak, finalistentzat: bikote irabazleak bildutako diruaren %60, eta bigarrenak %30.

Saskiaren zozketa egingo du­te iluntzeko 20:00etan, eta bi ordu beranduago itxiko ditu ateak azokak.

XXII. GARAGARDO AZOKA

BIHAR, osteguna

18:00, Azokaren irekiera eta Juanito Rodriguezi omenaldia.

23:00, La Jodedera taldearen kontzertua.

ETZI, ostirala

22:00, Fan&Go taldearen kontzertua.

MAIATZAK 2, larunbata

10:00, Tokata errugbi txapelketa herrikoia, Landaren.

Bazkalorduan, Paella jate herrikoia.

16:00, Bingoa.

23:00, Bide Batez taldearekin erromeria.

MAIATZAK 3, igandea

17:00, Mus txapelketa.

20:00, Saskiaren zozketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!