Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria, norbere gorputzaren jabekuntza eta teknoadizioak, Hernaniko Ongizatearen Plazan

Kronika - Erredakzioa 2026ko apirilaren 28a

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitarau zabala antolatu du gune ireki honetan, hilaren 29 eta 30ean, ongi egon eta ongi sentitzeko funtsezko gaiei buruz hitz egitea eta elkarri entzutea helburu.

Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, osasuntsu zahartzeko ariketa fisikoa, buruko osasuna, teknoadikzioak, elikadura jasangarria, migratzaileen inklusioa, teknoadikzioak eta norbere gorputzaren jabekuntza mintzagai izango ditu, besteak beste, hilaren 29 eta 30ean Hernanin Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ongizatearen Plazak. Bi egunez, goiz eta arratsalde, Urbieta kalean kokatuko den gune ireki honetan, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile egingo dira, pertsona oro ongi egon eta ongi sentitu dadin funtsezkoak diren gaiak ardatz hartuta.

«Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da», azaldu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen hernaniarrak hil honetako azken asteazken eta ostegunean Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Plaza irekia da, herriko hainbat elkarte eta eragileren partaidetzarekin antolatu dena. Adin guztietarako pentsatutako jarduerak izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.

Irekitzeko, Adinberrirekin saioa

Hilaren 29an, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatuko da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskainiko du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartuko du parte. Jarraian, 11:30ean, Jakoba Errekondo agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak azalduko dizkigu. Gainera, bi nekazariren esperientziak ezagutzeko modua izango dugu: Egoitz Etxebeste, Igeldoko abeltzaina, eta Arriatzu baserriko Ane Zeberio hernaniarra.

Arratsaldean, 16:00etan, Plaza podcastaren saioa grabatuko da zuzenean. Bertan, norberaren gorputzaren jabe izatearen hiru begirada desberdin jorratuko dituzte. Ondoren, 17:30ean, inklusioaren inguruko topaketa egingo dute. Nola hobetu bazterkeria arriskuan dauden herritarren ongizatea? galderaren bueltan jardungo dute hainbat eragilek eta Hernaniko proiektu inklusiboetan parte hartzen dutenen errealitatea ezagutuko dugu, ingurune bidezkoago, eskuragarriago eta gizatiarragoei buruz gogoeta egiteko. Azkenik, 18:30ean, gurera bizitzera etorri diren migratzaileen integrazioa jorratuko dugu. Nola bizi da norbere jaioterria utzi eta herri ezezagun batean integratzeko eta bizi proiektu berri bat garatzeko prozesua? Eta, nola jasotzen ditugu kultura desberdinetatik datozen herritar berriak? Oztopoak eta aukerak, bizipenak eta ohiturak, beste hainbat gaien artean hizpide izango ditugu begiradak partekatzea bilatzen duen topaketa honetan.

Ostegun goizean, 10:00etan hasita, gazteek hartuko dute plaza, beren ongizatearen inguruko solasaldian: sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua… hiperkonexioaren ondorio al dira soilik? 11:30etik 13:00etara, berriz, nahi ez den bakardadearen inguruko dinamika bat egingo dugu; Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordinak gertutik ezagutuko ditugu.

Arratsaldean, 17:30etik aurrera, haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa egingo dugu Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. Amaitzeko, 18:30ean kantujiraren saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!