Pasa den larunbatean jokatu zen erremonteko Berria Txapelketako final haundia, Galarretan. Mattin Arluziaga hernaniarra eta Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra eta Joseba Goikoetxearen aurka aritu ziren. Faboritoa zen aipatutako bigarren bikotea, eta horiek izan ziren txapeldunak.
Bi jokoetan erabaki zen partidua. Lehenengoa 15-14 amaitu zen, txapeldunek sekulako erremontada egin ondoren. Izan ere, jokoa 9-9 zihoanean, aurrea hartu zuen Arluziaga-Azpirozek, 10-14koa ipiniz markagailuan. Baina lehen jokoa haiena zela uste zutenean, bost tanto segidan egin zituen Ezkurra-Goikoetxeak, eta lehen seta irabazi zuten.
Bigarren seta ere parekoa izaten hasi zen, 5-5 jarri baizen. Baina hortik aurrera, bikote txapelduna izan zen nagusi; 11-6 jarri ziren, gero 12-9, eta azken hiru tantoak burutu zituzten bukaerako 15-9a jartzeko.
Finalean egote hutsa ospatzekoa da
Mattin Arluziaga hernaniarrak, Kronikari pasa den larunbatean eskainitako elkarrizketan, esan zuen final horretan egote hutsa ospatzekoa zela. Lehen finala zuen 21 urteko erremontistak; 2023an egin zuen debuta profesional gisa, baina lesioengatik ia urtebete kantxetatik at egon zen. Pasa den urtean bueltatu zen, eta bere fisikoak baimena eman dionean, final batera iritsi da. Gainera, «azken finala ez izatea espero dut».