Bigarren postua eskuratu dute CD Hernaniko neskek, Euskal Ligan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 28a

Elene Lujambio, Bizkeneskak taldearen aurkako partiduan.

Igoera Arratia FTren esku dago; 'playoff'a irabazten badute, 3garren mailara igoko da Hernani.

 

Hernanirena da emakumezkoen Euskal Ligako bigarren postua, azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela ere. Basauriko Kimuak taldea da lehen postuaren jabe; horiek 3garren RFEF ligako talde izango dira datorren denboraldian, mailaz jaitsi den Eibar C taldearen tokia hartuta. 

Eta bigarren postua berdeena da; izan ere, asteburuko partidua irabazi  (Hernani 3-1 Antiguoko) ez ezik, hirugarrena zen Pauldarrak taldeak porrot egin zuen (Zarautz 3-1 Pauldarrak), eta ezinezkoa dute barakaldarrek berdeak harrapatzea. 

Orain, Arratia FT talde bizkaitarrak igoera eskuratzera  (3garren RFEFetik 2garren RFEFera) itxaron behar dute hernaniarrek; izan ere, hori gertatuz gero, toki bat gehiago libratuko litzateke hirugarren mailan, Hernanik okupatuko lukeena. Igorrekoek beste autonomia erkidego bateko multzoko liderraren aurka izango dute igoera-partidua.

 

Mutilak, helburutik lau puntura

Gipuzkoako Ohorezko Ligan diharduten mutilen egoera ez da horren ona, jaitsiera sahiesteko lehian baitaude. Asteburuko emaitzen ondoren, lau puntura dute helburua. 1-1 berdindu zuten berdeek, Zubipen, Urolaren aurka, eta Deusto aurreratu dute sailkapenean (orain Deusto da azkena, 23 punturekin; Hernani azkenbigarren, 24 punturekin). Aurretik dituzte sailkapenean Amaikak Bat eta Mutriku taldeak, 28 eta 25 puntu dituztenak, hurrenez hurren. Debakoek berdindu egin zuten azken partidua, etxean, Bergararen aurka. Mutrikuarrek, aldiz, etxean galdu zuten, Tolosaren aurka.

Gauzak horrela, lau partidu geratzen dira liga amaitzeko; 12 puntu jokoan. Ostiralean jokatuko dute datorren partidua, Oiartzunen, 12:45etan. Eta hurrengo hiru asteburuetan, Urki etorriko da Zubipera, Tolosara joango dira berdeak, eta Zubipen amaituko dute denboraldia Beasainen aurka. Litekeena da azken partidu horretan datorren denboraldian Hernani zein ligatan ariko den erabakitzea.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!