Ongizatea, prebentzioa, segurtasuna... Nork bere burua zaintzea ardatz hartuta, jarduera ugari antolatu dituzte biharko eta etzirako Hernanin, egitasmo ezberdinen baitan: 'Ongizatearen Plaza' jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak bi egunez, Urbieta kalean; eta '100 aldiz begiratu' ekimenaren jarduerak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzak biharko, Plaza Berrin eta Goiz Eguzkin, Hernaniko Udalaren laguntzarekin.
Herri ezberdinetan ari da jartzen 'Ongizatearen Plaza' Aldundia, «Gipuzkoako plazak topagune» izan daitezen «pertsonen ongizateari eragiten dioten gaiei buruz hitz egiteko, esperientziak partekatzeko, entzuteko eta guztiontzako ongizate hobea elkarrekin eraikitzeko». Adin guztietako herritarrentzako jarduerak izango dira Hernaniko Urbieta kalean bi egunez: tailerrak, talde dinamikak, hitzaldiak eta solasaldiak. Bertaratu eta parte hartzeko gonbitea luzatu diete hernaniar guztiei.
'100 aldiz begiratu', bihar
Bihar bertan izango dira Eusko Jaurlaritzaren '100 aldiz begiratu' ekimenaren jarduerak ere, bereziki adinekoei zuzenduta. Helburua da bide-segurtasunarekin lotutako arriskuak prebenitzea eta gutxitzea, eta horretarako, kaleko jarduerak, bingoa eta umorezko bakarrizketa egingo dituzte Hernanin.
'100 ALDIZ BEGIRATU'
BIHAR, asteazkena
11:00-14:00 eta 16:00-19:30, Jarduerak kalean, Plaza Berrin.
16:30-18:00, 'Bingo egin bide-segurtasunarekin', Goiz Eguzkin. Izenematea eta informazioa, Goiz Eguzkin bertan.
18:30, Umorezko bakarrizketa, Goiz Eguzkin. Sarrera doan, aforoa bete arte.
'ONGIZATEAREN PLAZA'
URBIETA KALEAN
BIHAR, asteazkena
10:00-11:30, 'Osasuntsu zahartu'. Adinberriren eskutik, goizero ETBn egiten den programa berezia: Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren kirol saio irekia, Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra, eta Raquel Rodriguezen mindfulness terapia.
11:30-13:00, Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin solasaldia: 'Elikadura jasangarria'. Harekin batera egongo dira hainbat nekazari profesional, euren esperientziak kontatzeko: Arriatzu baserriko Ane Zeberio, eta Igeldoko Egoitz Etxebeste abeltzaina, besteak beste.
16:00-17:00, 'Plaza Podcast' irratsaioa, zuzenean. Pertsonen integraziorako hiru begirada desberdin: egunerokotasuna, zailtasunak, erronkak eta ametsak.
17:30-18:30, 'Inklusioa ongizate bihurtzen denean'. Topaketa, ezagutzeko Hernaniko proiektu inklusiboetan parte hartzen dutenen errealitatea, eta hausnartzeko ingurune bidezkoago, eskuragarriago eta gizatiarragoei buruz. Nola hobetu bazterkeria arriskuan dauden herritarren ongizatea?
18:30-19:30, 'Elkar ezagutza eta integrazioa', hernaniar berrien eta betikoen arteko solas- dinamika. Nola bizi da norbere jatorria utzi eta herri ezezagun batean integratzeko eta bizi-proiektu berri bat garatzeko prozesua? Eta nola jasotzen ditugu kultura desberdinetatik datozen herritar berriak?
ETZI, osteguna
10:00-11:30, Gazteen ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratzeko eta eztabaidatzeko solasaldia, gazteekin eurekin. Sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua... hiperkonexioaren eraginak dira soilik?
11:30-13:00, 'Nahi ez den bakardadea', ikusentzunezko emanaldia eta solasaldia. Aukeratzen ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa. Hirugarren adinarengan bezala, gazteengan gero eta eragin gehiago duen arazo bat da. Ados Teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik gertutik ezagutuko dituzte hiru herritarren kasu erreal bezain gordinak. Ondoren, solasaldia egingo dute dokumentaletako protagonistetako baten partehartzearekin.
17:30-18:30, 'Teknoadikzioak'. Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa, Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa.
18:30-19:30, Kantu Jira berezia, eta ondoren pintxopoteoa.